Irungo alde zaharrak itxura aldaketa jasango du hurrengo urteetan. Bertako San Martzial kalea berritzen ari dira; hurrengo hilabeteetan Sargia eta Uranzuren txanda izango da.
Dagoeneko Irungo alde zaharra berritzeko lanetan hainbat urrats eman ditu udalak. Irudian, San Martzial kaleko lanak.
Irungo alde zaharra leku enblematikoa da, hiritar askok maite eta berea sentitzen duten hiriko eremu esanguratsua. Zaharra izan arren, aurpegi aldaketa jasango du hurrengo urteetan. 2015ean Urdanibia plazaren txanda izan zen. Orain, San Martzial kalea, Sargia parkea eta Uranzu pilotalekua berritzeko prozesuan murgilduta dago udala, alde zaharretik, alde zahar modernora jauzia egiteko.
Bi urte pasatu dira aurreko legealdiko udal gobernua eta hainbat alderdi, «alde zaharrari, bere osotasunean, itzuli bat» emateko adostasun batera iritsi zirela, Xabier Iridoy egungo udal gobernuko kide eta Hirigintza ordezkariak aipatu duenez. Horretarako, bere garaian, hainbat hirigintza lan adostu zituzten bertarako. Urdanibia plazaren berritzea izan zen akordio horretan adostutako lehenengo proiektua. «Hainbat urtetan egin ez diren gauzei urteotan heldu diogu», esan du Iridoyk. «Proiektu guztiak alde zaharrari loturik daude», gehitu du. Hurrengo hilabeteetan alde zaharrari agur esango diote irundarrek, berriari ongi etorria egiteko.
Alde zahar kohesionatua
Duela bi urtetik gaur bitarte, berregituratzeko asmoz hainbat obra jasan ditu eremu zaharrak. Denak helburu berberarekin: alde zaharrari kohesio bat ematea, eremu guztien arteko lotura egitea. Udal gobernuko kideak aipatu bezala, «hain maite eta kuttuna» duen alde zaharrak azken urtetan izan ez dituen aldaketak «osotasunean» lantzen ari dira orain, erabateko aldaketa prozesuarekin, «modu integral batean».
Urdanibia plaza berritu eta berehala, beste hiru eremu itxuraldatzeko lanean hasi zen udala. Lehena, San Martzial kale ezaguna izan zen. Iridoyren hitzetan, «oinezkoentzat lehentasuna izatea» da obrak ekarriko duen lehenengo abantaila. Dagoeneko asfaltatze bidean da kalea, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko. Bertako espaloiak zabaldu eta aparkalekuak murriztuko dituzte aldi berean, San Juandik Urdanibiarako sarbidea errazteko. San Martzial kalea berritzeak «jarraipena emango dio Urdanibia plazaren biziberritzeari», Iridoyren ustez. Obrak San Pedro eta San Martzial jaietarako bukatuko dituztela espero du udalak.
Gainera, Urdanibia plazaz gain, Sargia parkearekin lotura izango du kale berrituak. Irundarrentzat ezaguna den
petrilla desagertu egingo da, eta parkera sarbide zuzena izango du kaleak, «modu atseginago batean».
Sargia parkea eta ingurua da hurrengo hilabeteetan eraberrituko duten beste eremua. Obrak udaran hasiko dituzte. Inguru horretan Uranzu frontoia dago: hori da alde zaharrerako dauden proiektuen artetik plater nagusia. Horrela, San Martzial kalearen bitartez, San Juan plazak Urdanibia, Sargia eta Uranzurekin dituen loturak erraztuko dituzte, Iridoyren esanetan, alde zaharra «biribiltzeko».
Korrokoitz eta Papinea
Korrokoitz eta Papinea inguruek ere aldaketa handiak jasango dituzte hurrengo urteetan. Jeltzaleak aipatu duenez, «bi eremuen obrak aurtengo planteamenduan sartzen dira». San Martzial kalea, Sargia parkea eta Uranzu frontoiaren obrak amaitu bezain laster, Korrokoitz eta Papinea inguruen txanda iritsiko da. «Bertan, zonalde publikoez gain, ehunka etxe eraiki nahi ditugu», zehaztu du Iridoyk. Kanalaren inguruan etxebizitza plan berri bat jarriko dute martxan, eta zonalde horren itxura «zeharo» aldatuko du horrek. Gainera, merkatua berritzeko lanean ari direla aipatu du udal gobernuko kideak.
Alde zaharra bere osotasunean aldatzeko proiektu horren barruan, termiten aurkako plan bat egin dute azken hilabeteetan. Bertako egurrez egindako etxeetan termita plaga duten eraikinak identifikatu dituzte, «termitak detektatu eta sor ditzaketen kalteak saihesteko».
Bizilagunen ekarpenak
Alde zaharreko proiektu handirako inguruko bizilagunen ekarpenak hartu dituzte kontuan, Irungo Udalak bizilagunekin parte hartze prozesu bat jarri zuen abian. Horrela, «iradokizun asko» jaso zituzten: «Horiek jaso eta gehien errepikatzen zirenak eta interesgarrienak hartu egin ditugu». Iritzi guztiak kontuan hartzeko zailtasunak izan arren, errepikatuenak jaso egin dituzte. Eta horiek egitasmoan txertatzeko ahalegina egin dute.
«Beti da aberasgarria prozesu parte hartzaileak martxan jartzea», aipatu du irundarrak, «aniztasunak kalitatea dakar».
Segurtasuna, arazo
Alde zahar eremu berrian hiritarren segurtasuna bermatzea da udal gobernuak duen lehentasunetako bat. Gobernuko kidearen arabera, «Korrokoitz eta Papinea inguruak utzi egin dira azken urteotan. Horrek degradazioa sortu du auzoan, eta ondorioz, arazo sozialak sortu dira». «Etxe zaharkituak dira, alokairu baxuekin», gehitu du.
Azken hilabeteetan hainbat eraso izan dira alde zahar inguruan; eraso homofoboak tartean. Horrelako kasuei aurre egiteko neurrien artean, udalak hainbat kamera jarri zituen inguru horretan. Udaltzaingoaren presentzia ere handiagotu egin da. Hala ere, erasoek jarraitu dute. Iridoyren hitzetan, neurri polizialak eta kamarak jartzea neurri sorta baten barruan kokatu behar dira, «baina horiek epe motzerako neurriak dira». Gatazkak ekiditeko epe luzeko lana egin behar dela adierazi du Hirigintza ordezkariak.
Gainera, alde zaharra berritzeko egitasmoaren barruan genero ikuspegia kontuan hartu dute, puntu ilunak ezabatuz.
Irungo alde zahar berriko proiektuak dagoeneko martxan dira. Urtean zehar erabilera handia du eremuak, batez ere San Pedro eta San Martzial jaietan. Iristear dira festak, eta ordurako dena prest eduki nahi dute. Iridoyk ziurtatu du «obrak amaitu eta hurrengo egunetan», irundarrek kale berrituaz gozatzeko aukera izango dutela.
Gainera, «alde zahar itxurarekin», alde zahar berri hori «berpiztea» dute buruan. San Martzial kalea, Urdanibia, Sargia parkea eta Uranzu irundarrek berea sentituko duten «eremu berri bat» izatea nahi dute.