Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso berri du Txingudi Ikastolak, hezkuntza zentroak Eskolako Agenda 21en egiten dun lanagatik.
Beñat Miquelarena Urroz, ziurtagiriarekin, Urkulluren ondoan.
Txingudi Ikastolak hirugarrenez jaso du Eskola Jasangarria ziurtagiria. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailek bultzatzen dute egitasmoa, Eskolako Agenda 21n egindako lanagatik. Hilaren 6an jaso zuen ziurtagiria hezkuntza zentroak: Beñat Miquelarena Urroz ikasleak Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso zuen.
2008-2009an lehen aldiz, 2012-2013an berritu, eta aurten ere eman diote aitortza Irungo ikastetxeari. Hori lortzeko, ikastolatik esan dutenez, ikastetxearen antolaketa, garapen iraunkorrerako hezkuntzaren kalitatea, komunitatearekiko komunikazioa, ikasleen parte hartzea eta bestelako hainbat gai kontuan hartu ditu Jaurlaritzak.
Hori ebaluatzeko galdetegia bete behar izaten dute ikastetxeek, eta azken hiru ikasturteetako hiru berritasun aurkeztu: bat curriculum berriari lotutakoa, bestea ikastetxearen kudeaketa iraunkorrari lotutakoa, eta azkena parte hartzearekin harremandua.
2004-2005 ikasturtetik ari dira Eskolako Agenda 21 lantzen Txingudin. Askotarikoak izan dira ordutik landu dituzten gaiak. Horiek ikastetxearen egunerokoak aplikatzen ari dira. Ziurtagiriak egiaztatzen du bide egokian ari direla.