Nesken areto futboleko bigarren Tximist torneoa aurkeztu dute gaur. Hilaren 23tik 25era egingo dute Hondartza kiroldegian.
Gaur aurkeztu dute bigarren Tximist areto futbol torneoa
II. Tximist Nesken Areto Futbol Torneoa egingo dute hilaren 23tik 25era Hondarribiko hondartza kiroldegian, bertan lan egiten zuen Juan Carlos Samaniego
Tximist prestatzaile fisikoaren omenez. Hemeretzi taldek eman dute izena eta, aurten, kiroldegitik kanpora egingo diren ekitaldiez osatu dute egitaraua. Txapelketan parte hartuko dutenen artean, Tximisten esanetara aritu ziren Realeko jokalari ohi batzuek osatutako No Pain No Gain taldea dago.
Gaur aurkeztu dute torneoa, udaletxean. Bertan izan dira Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia, Margari Arrieta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol teknikaria, Nekane Soria Errealeko Administrazio Kontseiluko kidea, eta Aintzane Encinas eta Mariasun Quiñones Realeko jokalariak. Soriak azaldu zuenez, “Aintzaneren eta taldetxo baten ideia izan zen hau guztia antolatzen hastea, eta oso polita da ametsa bete dela ikustea”.
Hurrengo asteko asteburuan egingo dute bigarrenez Tximist oroitaldia. Futbol areto txapelketa izango da, eta Hondartza barruko partidak izango dira asteburuko protagonistak, baina bigarren ekitaldirako kiroldegiko ateak irekiko dituzte antolatzaileek, eta publikoarentzako ekintza ugari antolatuko dituzte: haurrentzako tailerrak, kirol erakustaldiak, zozketak, eta abar.
Gainera, emakume kirolari ezagunak gonbidatu dituzte photocall batera, eta haiekin argazkia ateratzeko aukera izango da. Eta gonbidatu berezia izango da, Europako freestyle txapelduna, erakustaldia emango duena. Oro har, emakumeen kirolaren festa izan nahi du II. Tximist Areto Futbol Torneoak, eta lortzeko osagarri guztiak ditu.
19 talde, 20.a nahi
Hemeretzi taldek eman dute izena aurten, iaz baino bi gehiago, eta 20ra iritsi nahiko luketela adierazi du Encinasek. Neska kuadrillaren batek izena eman nahiko balu,
gaben.es webgunean aurkituko ditu torneoko xehetasunak.
Momentuz hemeretzi dira, eta horietatik hamasei Euskal Herrikoak: Gipuzkoako zazpi, Arabako lau, Nafarroako hiru eta Bizkaiko bi. Hemengoez gain, Madrilgo bi eta Gaztela-Leongo talde batek eman dute izena. Quiñonesen arabera, ez dago faboritorik: “Uda garaia da, denboraldia bukatu dute taldeek, eta etorriko direnak ondo pasatzea izango dute helburu”.
Hondarribiko talderik ez da izango, baina bai hondarribiar bat lehiatzen, Oiartzun taldean jokatzen duen Nekane Quiñones, Mariasunen ahizpa; Oarsoaldeko Petz taldean jokatuko du.