Alberto Anguera Etxea.
Docomomo plaka jarriko diote bihar (asteazkena) Irungo Alberto Anguera Etxeari. Docomomoren helburuak honakoak dira: XX. mendeko ondare arkitektonikoa bildu, zaindu eta zabaltzea, horren berri ematea. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala arduratzen da bertan lan hori egiteaz, hortaz, Irungo eraikin horri balioa eman nahi diote bihar egingo duten ekitaldiarekin. 1990tik ari dira gisa horretako plakak jartze munduan.
1930ean eraiki zuten Alberto Anguera Etxea (Policarpio Balzola kaleko 3. zenbakian dago). Horren arkitektoa Luis Vallet de Montano izan zen (Plan, Huesca, 1894-1982). Mugimendu modernoaren estilokoa da. Vallet de Montanok eraikin gehiago diseinatu zituen Irunerako, tartean Kasinoa, Kontserbatorioa, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen Etxea, edo Porcelanas Bidasoa lantegia izan zenaren eraikina.
Ekitaldia
Biharko plaka-jartze ekitaldia 12:00etan hasiko da, etxean bertan. Bertan izango dira Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakari Judith Ubarretxena; Alberto Angueraren senide eta eraikinaren jabe Jose Maria Anguera; Luis Vallet de Montanoren biloba Marina Vallet de Montano; arkitektoaren biografia egin zuten Lauren Etxepare eta Hernando Garcia; eta udaleko ordezkariak.