BATek lortu du bi talde nagusiek mailari eustea. Espainiako Atletismo Ligako azken jardunaldiko lehietan lortu dute iaz irabazitako mailari eustea.
Emakumeen taldea, pozik, maila mantenduta.
Super Amara Bidasoa Atletismo Taldeko (BAT) bi taldeek, emakumeenak eta gizonenak, 2018ko pistako atletismo sasoia aurtengo kategoria berberean egingo dute. Hau da: emakumeen taldea Espainiako Ohorezko Mailan ariko da Espainiako Estatuko talde onenekin batera; gizonenak, berriz, Espainiako Lehen Mailan (estatuko bigarrena) jarraituko dute.
Kluben arteko Atletismoko Espainiako Txapelketako Ligako azken jardunaldia asteburuan egin dute irundarrek: maila mantentzeko saioak ziren. Emakumeek Valladoliden egin zuten lehia, eta nekez eta doi-doi bada ere, mailara eutsi zioten, han lortutako puntuei esker sailkapeneko azken bi postuak —jaitsierakoak— ekiditera helduz. Zail zuten maila mantentzea, baina azken ahaleginari esker, lortu zuten.
Gizonek ere maila mantentzea zuten helburu, eta lasaiago lortu zuten. Madrilen egin zuten lehia.