Bidasoa-Irun taldeak 31-29 galdu du Kopako final-laurdenetan Granollersen kontra. Jacobo Cuetara entrenatzaileak 2020ra arte luzatu du kontratua.
Bidasoa-Granollers partidaren irudia, bigarren zatikoa. Argazkia: CD Bidasoa.
Bidasoa-Irunen inguruan albiste asko gaurkoan. Batetik, Espainiako Kopako final-laurdenetako norgehiagoka galdu egin du Irungo eskubaloi taldeak BM Granollers taldearen kontra, 31-29.
Partida hasieran kenduta, beti atzetik joan dira markagailuan irundarrak, eta gutxi asko egin ahal izan dute kataluniarren kontra, are gehiago taldean bi baja zeudela jakinda, Adrian Crowley eta Jon Vazquez. Atsedenaldian 17-13 zihoazen galtzen Jacobo Cuetarak entrenatutakoak, eta bukaerara, alde estuagoarekin, baina galdu egin dute.
Cuetara, 2020ra arte
Jose Angel Sodupe presidentea eta Jacobo Cuetara, gaur, akordioaren berri emateko argazkian. Argazkia: CD Bidasoa.
Bestalde, minutu gutxi dira Bidasoa-Irunek bere Twitter kontuaren bitartez iragarri duela Jacobo Cuetara entrenatzaileak 2020 urtera arte luzatu duela talde irundarrarekin zuen kontratua. Aurten, Asobalera itzuleran, lan ederra egin du Cuetarak bere jokalari taldearekin, eta horregatik erabaki du zuzendaritza taldeak hari kontratu luzapena eskaintzea.