2018ko otsailaren 25ean, Bidasoa Atletiko Taldeak antolatuta, Irungo Maratoi Erdia egingo dute.
Udalean aurkeztu dute 2018an Irunek jasoko duen Maratoi Erdia.
2018ko otsailaren 25ean, Bidasoa Atletiko Taldeak antolatuta, Irungo Maratoi Erdia egingo dute. 2014tik Irunek ez du maratoi erdiko lasterketarik jaso. Bi lasterketa ezberdin egiteko aukera izango dute korrikalariek: maratoi erdia edo hamar kilometroko ibilbidea.
Gaur goizean aurkeztu dute Irungo Udalean datorren urtean egingo duten maratoi erdia udaleko Kirol ordezkari Pedro Alegrek, Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Ibon Muñozek, Piolet enpresa babesleko Iñigo Diaz de Ceriorekin batera. Prentsaurrekoan Alegrek aipatu duen bezala, 2014ean Irunen egindako maratoi erdia eta gero, datorren urteko lasterketa berriro Irunen egitea “oso pozgarria” da. BAT taldeak azken urteetan atletismoaren aldeko “interesa eta lana” nabarmendu nahi izan du. Gainera, Irunek bigarren aldiz horrelako proba bat jasotzea “merezitako” saria dela onartu du. Maratoi erdiaren antolaketan, BATez gain, Irungo Udala, Piolet eta Ubycolan enpresak (babesle bezala) ari dira.
Irungo Maratoi Erdiak 21,097 metroko luzera izango du. Irungo Zabaltza plazatik atera eta hiriko leku esanguratsuenak zeharkatuko ditu lasterketak. Hiriari bi bira emango dizkiote lasterkariek, bigarren buelta egin ostean San Juan plazako helmugara iristeko. Maratoi erdia luze geratzen zaien korrikalariei ere parte hartzeko aukera emango diete: hamar kilometroko ibilbidea antolatu dute. Hiriari buelta bakar batean datza bigarren lasterketa horrek, l San Juan Plaza iritsi eta bertan bukatzeko. Guztira, 47 metroko desnibela izango du ibilbide osoak, bi aldapa nagusirekin.
Lasterketa guztian zehar, bost kilometroro, indarrak hartzeko hainbat postu ipiniko dituzte. Hemezortzigarren kilometroan ere postu txiki bat jarriko dute lasterkarien eskuetara. Maratoi erdiaz gain, korrikalariaren feria batean ari dira lanean antolakuntzatik. Hitzaldiak, postuak edota jaki eta edari salmentak postuak ireki nahi dituzte Palmera Montero gunean otsailaren 25erako. Feriarako, Bidashop hiriko dendarien elkartearen laguntza jasoko dute antolatzaileek.
Maratoi erdian Izena emateko epea jada ireki dute. Apuntatzen diren lehen 200 pertsonek eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango dute.
Kirolprobak-en webgunean egin daiteke hori.
2018ko otsailaren 25ean egingo duten Irungo Maratoi Erdirako 700 korrikalari inguruk parte hartzea espero dute Udaletik eta Bidasoa Atletiko Taldetik. “Festa handia” izatea nahi dute, Muñozek esan duen bezala. Gipuzkoak jasoko duen bosgarren maratoi erdia izango da.