Fikziozko lehen film luzea du hondarribiarrak, Jaizkibelen, Iratin eta Pirinio mendian errodatua dago. Europako aurre-estreinaldia izango da gaurkoa.
Ama Lurrari eskainitako filma da ‘aMari’, batez ere Jaizkibelen errodatua
Gregorio Azkona hondarribiarraren
aMari pelikula proiektatuko dute gaur Itsas Etxean, 20:00etan. Azkonaren fikziozko lehen film luzea da eta, dagoeneko hiru kontinentetan estreinatu duten arren, Euskal Herrian ikusi gabea da oraindik. Are gehiago, gaurkoa Europako aurre-estreinaldia izango da eta ateak irekita egingo dute, dohaineko sartzearekin.
Zuzendariak HITZAri aitortu dionez —bihar Oarso Bidasoko HITZAk erreportajea argitaratuko du—, ez da ohiko filma, “ez du elkarrizketarik, ez du pertsonaiarik, bueno, pertsonaiak hor daude, baina ez dira haien aurpegiak azaltzen”. Arbasoen deia jaso duen Zamalzainen bidaia kontatzen du lanak, jatorritik etorkizunera egindako bidaia, “izaki estetiko eta sakratuaren bidaia”.
Pelikula sinbolikoa da
aMari, “film onirikoa” egilearen hitzetan. Adibide bat, joan den asteburuan Zelanda Berrian aurkeztu zuten XII. Wairoa Maori jaialdian, eta antolatzaileek
Zinema Indigena atalean sailkatu zuten, eta “
basque spiritual film” gisa iragarri zuten.
Jaizkibelen, Iratin eta Pirinio mendietan kamera txiki batekin errodatua dago Gregorio Azkonaren fikziozko lehen pelikula, eta eskaintza berezia du: “ama guztiei eskainia dago, eta ama lurrari”. Eta ikusleei eskari bat luzatu die Azkonak: “aurreiritzirik gabe joan, burua hustuta sartu Itsas Etxera”.