Aurtengo Bioterra azokara gerturatu den pertsonen kopurua %15a igo da, 12.000 bisitari baino gehiagorekin.
Aurtengo Bioterra azoka ekologikoak harrera bikaina izan du.
Joan den asteburuan, hilaren 2tik 4ra,
Bioterra, elikagai ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren inguruko azoka ekologikoa egin dute Ficoban. Iazko datuekin alderatuta, %15eko igoera izan du bisitarien kopuruak, eta 12.000 bisitari baino gehiago izan ditu feriak asteburuan zehar.
Hamalaugarren Bioterra azoka ekologikoaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolakuntzatik. Helburuak “lortu” direla aipatu dute, “parte hartze handia” izan duela feriak. Gainera, doako sarrera eskaintzeko Euskotrenekin egindako akordioak ere “harrera oso ona” izan duela nabarmendu nahi izan dute. Aurten, %15eko bisitarien igoerarekin itxi dituzte azokaren ateak. Urtez urte goraka egin duen datua da, doako sarrerak eskaini diren urteetan ez ezik. Bisitarien jatorriari dagokionez, %73 gipuzkoarrak, %11 Ipar Euskal Herrikoak, %7 bizkaitarrak eta %6 nafarrak izan dira.
Ostiraletik igandera bitarte, 170 erakusketaritik gora izan dira eta 70 ekitaldi baino gehiago eskaini dituzte. Denek “publikoaren arreta bereganatu” dutela baloratu dute antolatzaileek. Eraikiz Gunea eta Yoga Day jarduera berriek ere arrakasta handia izan dute irundarren artean.