Gaur, bihar eta etzi bitarte elikagai ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren inguruko Bioterra azoka egingo dute Ficoban.
Hamalaugarren Bioterra azoka ekologikoak ateak ireki ditu.
Bioterra azoka ekologikoak ateak ireki ditu gaur goizean. Elikagai ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren inguruko feriak jada hamalau urte bete ditu aurten.
Ateak zabaldu bitarte, Bioterra 2017-ren aurkezpen ofiziala egin dute. Bertan, azken hamar urteetan azoka ekologikoan postua izan duten 13 enpresek sari bana jaso dute, egindako lana eskertzeko. Jende mordoa gerturatu da Ficobara. Hiru gune handitan banatu dute azoka: Bioterra gunea (nekazaritza, kosmetika eta ekoturismoko enpresek hartuko dute parte bertan), Naturall gunea (Osasunaren eta ongizatearen gunea) eta Geobat gunea (geobiologiako, bioeraikuntzako, energia berriztagarrien eta kudeaketa ekologikoko erakusketariak izango dira bertan). Gaur, bihar eta etzi bitarte 170 erakusketaritik gora izango dira eta ekologiaren inguruko 70 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte: txikientzako puzgarriak, zozketak, erakusketak eta abar.
Azoka 10:00etatik 20:00etara irekiko dute asteburuan. Sarrerak 3 euroko prezioa du. 12 urte beherako haurrek doan sartzeko aukera izango dute.