Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeetako L.H.ko 4. eta 5. Mailetako ikasleak Gu ere bertsotan jaialdian parte hartuko dute.
Ama Guadalupekoako 4. mailako talde bat, iazko jaialdian
Gu ere bertsotan, hala ariko dira gaur arratsaldean Hondartza kiroldegian Hondarribiko Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. Mailetako ikasleak. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu dute gaurko jaialdia, ikastetxeekin batera.
17:15an gazteenen saioa hasiko da, 18:30ean 5. Mailakoena. Ikasgela bakoitzak bost minutu inguruko tartea izango du, ikasturtean zehar Ahozkotasuna eta Bertsolaritza programan ikasi dutena erakusteko.
Gipuzkoako 52 herri eta 132 ikastetxetan 10.000 gazte inguru ari dira Ahozkotasuna eta Bertsolaritza proiektua lantzen. Bertsozale elkartearen esanetan, bertsolaritza ikastetxeetako hezkuntza proiektuan jasotako helburuak bermatzeko tresna ezin hobea da: “Bertsolaritzaren hainbat baliabide erabiliz lortu dute, besteak beste, ahozko adierazpena hobetzea, estrategia eraginkorrak bultzatzea, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea”.