Trenbide gunea libratzen denean, bertan erabilera publikorako eremuak proposatu dituzte hainbat alderdi politikok. Galdeketaren ideia plazaratu dute.
Milaka metro koadroko eremua da hiriko trenbide gunearena.
Irungo udalbatzako oposizioan indar gehien duten alderdiek nahiz hiriko bestelako alderdi politikoek trenbide gunearen gaineko gogoeta egin dute. Milaka metro koadroko eremu hori nola planifikatu, eta zertarako erabili behar den dira horien kezka nagusienak, eta horren oinarrian herritarren parte hartzeak egon behar duela adierazi dute. Hala, traza nagusitan haien proposamenaren berri eman dute gaurko agerraldian. Bertan izan dira oposizioko bi indar nagusienak (SPI Si Se Puede Irun eta EH Bildu), nahiz Ezker Anitza Bidasoa eta Equo Berdeak Bidasoa. Xehetasunetan sartu aurretik gauza bat garbi dute: “Ekimen pribatuari ez zaizkio edonola ateak ireki behar, ingurune hori izaera publikokoa izatean espero dugu”.
Hurrengo hamarkadetan hirigintza iraultza izango da hiriarentzat trenbidearen eremuaren berrantolaketa. Gaur euren proposamena adierazi duten eragileen arabera, gunea nola planifikatu erabakitzeko bidea herritarren parte hartzea da, “herritar guztiak inplikatuko dituen prozesu baten bidez” bertan zer eta nola egin daitekeen partekatzea, alegia. Erabilerez, eta horren araberako inbertsioez hitz egingo lukete foro horretan, eta behin landuta dagoenean, galdeketaren ideia plazaratu dute: “Udalean eratzen ari den parte hartze araudiak galdeketa lotesleak egitea baimenduko du, eta hauxe litzateke horretarako abagunerik egokiena”.
Gune horretan zer egin ere garbi dute “Irungo aldaketaren alde” dauden lau indar politikoek. Hala, haien ustez eremu horretan berdeguneak, kirolerako eta kulturarako azpiegiturak, eta ekonomia sozialari begirako jarduerak egin beharko lirateke, “hiriaren birika, aisiarako gune garrantzitsu bilakatuz”. Haien ustez kontuan hartu beharko lirateke unibertsitate jarduerak, “bata zuriko ekimen ekonomikoak”, eta artearen eta kulturaren industriari lotutako guneak. Alta, eragileek esan dute egundaino ez dutela ezagutzen zein den gobernu taldearen proposamena gune horretarako.