Txingudi I eta Txingudi II taldeak Gipuzkoako Herriartekoan izan dira lehian. Sasoiko azken Bertso Gaua izango da ostegunekoa.
Txingudi I taldeko kideak.
Txingudi II osatzen dutenak.
Laugarren ikasturtearen bukaerara iritsi da
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak antolatzen duen Bertso Gaua egitasmoa. Azken saioa ostegun honetan, ekainaren 1ean egingo dute, 19:30ean hasita eta betiko moduan, Kabigorrin. Berezia izango da formatuan, izan ere, Gipuzkoako Herriartekoan lehian ibili diren Txingudi I eta Txingudi II taldeetako kideek jarriko dituztelako bertsoak. Lehia izango al da? Zer nolako ikuskizuna izango da?
Adrian Arruti, Zuhaitz Olazabal, Mikel Garmendia eta Gotzon Aizpiolea aritu dira osteguneko saioa prestatzen. Eta nolakoa izango den erantzunik ez dago ematerik aldez aurretik, Kabigorrira joatea da erantzuna jasotzeko modu bakarra. Baina jakina dena da saio eta arrats gozagarria izango dutela bertsozaleek.
Azken Bertso Gaua denez, Irunabarrek iragarri du bertaratzen direnei jatekoa eta edatekoa eskainiko diela. Saiora joateko beste pizgarria hori.
Sasoi honetako bederatzigarren Bertso Gaua izango da ostegunekoa. Orotara, egitasmoaren lau urteetan, 36.ena da.