Orotara, sei txosnarentzako tokia izango da Urdanibia plazan.
Irungo San Pedro eta San Martzial jaietan Urdanibiako txosnetako bat eskura dezakete hala nahi duten elkarte eta eragileek. Izan ere, txosnen zozketa egin, eta hori egokitu zitzaion elkarteetako batek uko egin dio plazari —baita ordezkoak ere—, hortaz, txosna bat esleitzeko prozedura berriz ere abiatu du udalak. Hori lortzeko izena eman behar da, eta eskaera orriak San Martzial kaleko HAZ bulegoan daude; bertan jaso daitezke onuradun izateko hautagaitzaren baldintzak.
Irungo Udalaren webgunean ere dago informazio hori guztia.
Ekainaren 5era arte dago eskaerak aurkezteko epea, egun hori barne. Behin eskaera guztiak jasota, berriz ere zozketa egingo dute.
Txosna kudeatzeko eskubidea izan dezakete Irungo elkarte edo taldeek, kultur, kirol, aisia eta gizarte arlokoak, baldin eta bost urte badaramate Eusko Jaurlaritzaren Elkarte eta Entitateen erregistroan izena emanda, eta Irunen badute egoitza. Horrez gain, Irungo Lanbide Heziketako nahiz Batxilergoko ikasleek, edo Helduen Eskolakoek ere egin dezakete eskaera.