Irungo Sangre De Mono taldeak ‘No somos tan distintos’ bigarren lana kaleratu berri du. Reggae, ska eta rap doinuz beterik datoz, bigarrenez, euskaraz eta gaztelaniaz, Irun eta Euskal Herria zutik jartzeko prest.
Argazkia: Junkal Apodaka.
Tximinoa eta gizakia. Oihaneko zuhaitzetatik hirietara. Milaka eta milaka urte igaro ostean, bien artean ezberdintasun ugari izan arren, antzekotasun nabarmenak ditu gizakiak tximinoarekin. Lehen begiradan, oso ezberdinak dirudite, baina benetan, hain ezberdinak al dira? Mahaiaren gainean galdera hau eta nahi adina jarri ditu berriro Irungo Sangre de Mono taldeak. Hiritik alde egin eta Moskuko oihaneko oholtza gainera igo dira Irungo tximinoak bigarren lana euren jatorrizko habitat naturalean aurkezteko, Euskal Herria eta mundu osoari, honakoa gogorarazteko, funtsean, ez garela hain ezberdinak.
Disko berria Tunk aretoan joan den 12an aurkeztu zuen taldeak. Aurretik lehen
singlea ezagutarazi zuten hilaren 3an, bideoklip eta guzi:
No somos tan distintos abestiak hasierako hausnarketa dakar gogora. «Denak gara tximuak» eta horregatik denek tximu-odola dutela helarazi nahi izan dute euren bigarren lanean.
Singleak diskoari eman dio izena. Jon Zamora, taldeko abeslari eta saxoak esan duenez, «gizakia eta tximinoa ez dira hain ezberdinak». Disko berriko lehen abestian, beraz, «gizartea zoologiko moduan» irudikatu nahi izan dute, aurrera pausu handirik egin ez duen tximuz osatutako gizarte bezala.
Sangre de Mono, Irungo Mosku auzoko musika taldea da. 2007an hasi zuten bidea. Garai haietan, ordenagailu eramangarri eta mikrofono batekin hasi ziren, gustukoen zutena egiten, denbora-pasa bezala. 2014ean, bi gitarra, baxua, bateria saxoa eta DJ bat batu ziren taldera. Horrela sortu zen egungo Sangre de Mono. 2014ean bertan,
La rebelion del simio lehen diskoa kaleratu zuen. Orain,
No somos tan distintos azken lanarekin datoz, Euskal Herriko ragga eszena indartzen jarraitzeko asmoz.
Zimino baten istorioa
Sangre de Mono sei musikariz osatutako taldea da: Jon (abeslari eta saxoa), Iñigo (gitarra akustikoa), Eneko (DJa), Raul (bateria), Kerman (gitarra elektrikoa) eta Xabi (baxua). Taldeak, lehen diskoan bezala, euskaraz eta gaztelaniaz egin ditu abestiak.
Diskoak, orokorrean, tximu baten istorioan du oinarria. Abeslariaren hitzetan, «gizartea den zoo honetan, gizakiak tximinoa etxetik kanpo bizitzea behartzen duen istorioa» kontatzen du. Tximino hori, urte luze batzuen ostean, berriro oihanera itzuliko da, hiritik alde egiteko. Hauxe bera egin du taldeak: hiritik atera dira, berriro oholtzetara igotzeko. Bidean, tximinoak bizitutakoa kontatzen du diskoak. Abesti bakoitzak, istorio bat dakar gogora, gizarte honetan edonolako pertsona batek bizitutako istorioak.
Bizipen horiek kontatzeko sortutako abestietan, reggae, ska, rap edo bals doinuak antzeman daitezke gehienbat. Taldekideen hitzetan, ragga musika egiten dute. «Reggaetik harago joateko bidea egiten ari gara, ska edota rap soinuak gehituz», dio Zamorak.
Aldarria, taldearen ikur
Orain arte kaleratu dituzten abesti gehienek mezu aldarrikatzailea daramate atzean. «Aldarrikapena egitea beharrezkoa» dela dio Zamorak. Bigarren diskoa aldarrikatzaileagoa da haren ustez, «aldarrikatzailea da bere osotasunean». Errefuxiatuak, mozal legea, hezkuntza murrizketak, justizia, hedabideak, kartzelak edota marihuanaren erregulazioa dira, besteak beste, abesti bidez plazaratu dituzten gaiak.
La Cupula,
Titiriteros S.A.,
Olatuen kontra edota
Bidean dira aldarri horien adibideetako batzuk.
Lehenengo diskoko
Eutsi saharaui da taldeko abesti ezagunenetarikoa. Saharako herriak jasandako errealitatea salatzen dute kantan. Abestia Euskal Herrian barrena hedatzen joan den heinean, Saharako hainbat elkarteren deiak jaso zituztela aipatu du abeslari eta saxoak. Orduz geroztik, Rio de Oro elkarteak Iurretan (Bizkaia)?antolatzen duen jaialdira gonbidatzen dituzte urtero. Elkartea elbarritasunak dituzten haur sahararrei laguntzen aritzen da lanean. Gainera, jaialdian lortutako diru guztia Saharako hainbat elkartetara bideratzen dute.
Mosku zainetan
Irungo Mosku auzoak ikusi zuen lehen aldiz Sangre de Mono oholtza gainean. «Mosku inguruan bizi gara», dio Zamorak. Parrandara edota pote batzuk hartzera, «beti Moskura» joaten dira. Gazteen gaueko planetan diskotekak nagusi diren garaian, irundarrek Irungo zonalde gorrian ateratzeko ohitura dute, «giro lasaiagoa» nahiago dutelako. Egunerokotasunean, Mosku da Sangre de Monoren etxea.
Gipuzkoan, Mosku da euskal reggae, ska eta raparen aitzindaria. Fermin Muguruza eta haren egitasmoetatik, Bad Sound Sytemera, beste hamaikatik pasata. Ikaragarria da auzoak musikari eman dizkion zorioneko talde mordoa. Ohitura izango da, hezurrak dantzatzen jartzen dituen musika ona egiteko ohitura. 1984ean Fermin Muguruzak Kortatu sortu zuenetik, hamaika DJ, abeslari eta musikari erditu ditu auzoak.
Tximu odola duten musikariak jada Moskuko zuhaitzetara itzuli dira, euren jaioterrira, tximua eta gizakia antzekoak direla erakusteko. Hemendik aurrera, Mosku eta Euskal Herri osoko oihanetako zuhaitzetatik saltoka ikusiko ditugu, hurrengo oholtzaren bila. Seguru horrela izango dela.