'Zaldunborda gelditu!' lelopean, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean Hondarribiko Damarri plazan, Zumardiaren parean.
Ekologistentzat, Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoari kalte handia egingo lioke outlet herrixkak
Zaldunborda gelditu! lelopean kontzentrazioa egingo dute gaur arratsaldean Hondarribiko Damarri plazan, Zumardiaren parean. Gaintxurizketa maldan eraiki nahi duten outlet village proiektuaren kontra protesta egingo dute, eta lurzoruaren sal-erosketa prozedura ez dela garbia izan salatu.
Hamahiru eragilek egin dute bat deialdiarekin: lau erakunde ekologista, hiru merkatari elkarte, hiru alderdi politiko, bi sindikatu eta auzo elkarteen federazio batek. Nolanahi ere, deialdia irekia dela nabarmendu dute deitzaileek, eta ez dute baztertzen azken orduetan eragile gehiagok bat egitea.
Orain arte, honakoak dira gaurko elkarretaratzera ordezkaritza bidaliko duten eragileak: Abotsanitz, EH Bildu eta Si Se Puede Irun (SPI) alderdi politikoak, ELA eta LAB sindikatuak, Hondarribiko Dendariak, Dendarrtean eta Euskal Dendak merkataritza elkarteak, Eguzki, Ekologistak Martxan, SEO/Birdlife eta Itsas Enara talde elkologistak, eta Oiasso 2000 auzo elkarteen federazioa.