Udalak 93 posturen eskaera egiteko aukera eman, eta 77 hautagaik jakinarazi dute postua jarri nahi dutela larunbatetako azokan.
Udalak gogoeta egingo du azokaren ezaugarriez.
Urdanibia plazan larunbatetako azokan jartzen diren postuak arautu asmoz —2011tik indarrean dagoen kaleko salmentarako Udal Ordenantzaren arabera—, 93 plazako eskaintza egin zuen udalak. Hala, orotara, 77 eskaera jaso ditu. Ez dira denak bete. Udaltzaingo eta Bizikidetza ordezkari Lourdes Larrazak adierazi du aurkitutako errealitatea ez dela espero zena, “jaso ditugun emaitzek, etorkizunean egun ditugun produktu eta kategoriek bizi dezaketen arriskuaren gainean hausnartu arazten digute”. Batez ere bertako ekoizpenak saltzen dituztenen eskaera faltarekin kezkatuta azaldu da Larraza.
Postuak jartzeko onartuen eta baztertuen zerrenda Irungo Udalaren Taula Ofizialean dago, eta erreklamazio eta alegazioak ekainaren 8ra arte egin ditzakete hala nahi dutenek. Eta behin prozesu osoa amaituta, azokak jarduera “erakargarria” izateko gogoeta egingo dute udaletik. Salmenta ibiltarian dabiltzanen eskaerak ere jaso eta aztertuko dituzte.
Honakoak dira egindako eskaerak:
- Pertsona eta etxeko hornikuntzako postuak jartzeko 31 eskaera egin dira, eta 29 onartu dira. 34 plaza jarri zituen udalak.
- Fruta eta barazkien kategorian, hamar eskaera jaso dira eskaintzan zeuden beste hainbeste postu betetzeko.
- Elikagaiak saltzeko postuetarako 14 postu eskaintzen zituen udalak, eta 15 aurkeztu eta onartu egin dira, salbuespen gisa.
- Baserriko produktuetarako, 25 postuko eskaintza zegoen, baina 16 eskatu dira.
- Produktu berrien kategoriarako bost postu zeuden hartzeko, eta bost eskaera jaso dira.