Irungo Udaleko Euskara Arloak, Siadeco enpresarekin, hiriko euskararen erabileraren inguruko neurketa gauzatu berri du.
Atzo neurketa eta emaitzen berri eman zuen Josune Gomezek.
Irungo Udaleko Euskara Arloak hiriko euskararen erabileraren inguruko kale neurketa gauzatu berri du. Neurketa, Siadeco enpresaren laguntzarekin egin dute. Atzo Josune Gomez Euskara arloko zinegotziak datuen berri eman zuen Irungo udaletxean. Neurketarako hiriko hiru zonalde esanguratsu aukeratu dituzte. Lehenengo zonaldea tren geltokiaren inguruko kaleak dira (Hondarribia kalea, Belaskoenea, Jaizkibel kalea, Pinudi kalea…), bigarrena erdialdeko kaleak, Kolon pasealekua eta inguruak (Zabaltza plaza, Juan arana kalea…) eta hirugarren zona Udaletxe eta Uranzu kaleko inguruak dira.
Euskararen erabileraren inguruko neurketa egiteko helburu nagusiak, udalaren esanetan, ondorengoak dira: Irungo eremu publiko eta irekietako hizkuntza erabilera errealaren neurketak egitea, Irungo eremu publikoaren idatzizko hizkuntza paisaiaren neurketak egitea eta Haur Eskola, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta zentroetako gelaz kanpoko jarduera ez antolatuetako erabilera mintzatuaren neurketak egitea. Adin berekoen eta desberdinekoen arteko harremanak, haurrak tartean direnean eta haurrik ez dagoenean izan dira ikertutako hiru hiztun taldeak.
Ez da lehen aldia Irunen euskararen erabileraren inguruko neurketa egiten dela. 1984, 1989, 1995, 2001 eta 2007 urteetan ere gisa horretako neurketak egin zituzten. Aurtengoan, berriktasun bezala, ikastetxeetako neurketak izan dira.
Neurketaren emaitzak
Lau egunetan zehar egin dute kale neurketa Siadeco enpresako kideek. Lehenengo zonaldean %4,9ko euskara erabilera indizea lortu dute, bigarrenean ere %4,9a, eta hirugarrenean %12,9koa. Lau egunetan zehar, 11.592 pertsonen hizkera neurtu dute, 4.335 izanik neurtu diren elkarrizketak. Siadecok emandako datuen arabera, ikertutako pertsonen %90a gaztelaniaz, %7,6a euskaraz, %1,2a frantsesez eta %1,3a beste hizkuntza batean ari ziren. Irunen egindako azken euskara neurketa emaitzetan (2007), %5,5eko euskarazko erabilera emaitzak lortu ziren. Beraz, esan daiteke, bi puntuko igoera izan duela azken hamar urteetan.
Irungo hamahiru ikastetxeetan sarrera eta irteera orduetan egindako neurketan 2.673 hizkuntza gertaera ikertu dziren. Horietan, %15,6ko euskara erabilera jaso zuten ikertzaileek, %82,3koa gaztelaniazkoa eta %2,1ekoa beste hizkuntzetan.
Gainera, hiriko edonolako errotulazioak ere ikertu dituzte. Horietatik, errotulazioaren %56a gaztelaniaz dago, %14a euskaraz eta gaztelaniaz eta %9a euskaraz soilik.