Leberren nerbio optikoaren atrofia gaixotasun arraroa pairatzen duten pertsonen aldeko lasterketa egingo dute datorren hilabetean.
Gaur aurkeztu dute Irungo Atalaia Hotelean ekaineko lasterketa solidarioa.
Ekainaren 4an, lehen aldiz, Zelaia lasterketa solidarioa egingo dute Irunen. Leberren nerbio optikoaren atrofia gaixotasun arraroa pairatzen duten pertsonen aldeko martxa da, Asanol elkarteak antolatuta.
Gaur aurkeztu du lasterketa solidarioa gaixotasuna pairatzen duen Irungo Javier Placeresek, Ignacio Muela Asanoleko presidenteordearekin batera. Bertan esan duten bezala, leberren nerbio optikoaren atrofia pairatzen duten pertsonek “ikusmen arazo larriak” sufritzen dituzte bizitza guztian zehar. Horregatik, gaixotasun horren aldeko Asanol elkartea sortu zuten Sevillan, gaixotasuna ikertzen jarraitzeko. Oinordekotzaren bitartez kutsatzen da gaixotasuna. Gaur egun, 54 pertsonek pairatzen dute Espainiako Estatu osoan. Lortutako diru guztia gaixotasunaren inbestigaziorako erabiliko da.
Zelaia lasterketa solidarioak 6,8 kilometroko ibilbidea izango du eta Ibarla, Meaka eta Olaberria haranetatik pasako da. 11:00etan Urdanibiatik aterata, Ibarlarantz abiatuko dira lasterkariak, Errotazar inguruko Ola sagardotegira abiatzeko. Eskuinera bideratuko dira Burutaran baserrirantz, orduan gorabehera gogorrak dituen bidea jarraitzeko. Berriro Urdanibia plazarantz bideratuko dira korrikalariak, lehenengo Zelaia lasterketa solidarioari amaiera emateko.
Lasterketa bukatu ostean, kategoria bakoitzeko lehenengo hiruek sari bana jasoko dute. Ondoren, Urdanibia plaza inguruko tabernek pintxo-potea antolatu dute. Gainera, sari eta zozketa ugari izango dira egunean zehar. Dortsala eskuratzeko, duela bi astetik izen ematea irekita dago.
Kirolprobak-en web orrialdean, Irungo Gonzalez kirol dendan edota egunean berean Urdanibia plazan izena emateko aukera izango dute irundarrek eta hala nahi duten guztiek. Txiparekin, 10 euro ordaindu beharko dute dortsalagatik; txip gabe, berriz, 12 euro. Dortsalak eskuratzeko, ekainaren 2 eta 3an Gonzalez kirol dendara gerturatu beharko dira lasterketan parte hartuko duten guztiek.