EH Bilduk musika eskolaren egoera kritikoaz ohartarazi du. Irakasleek bi hilabete daramatzate kobratu gabe. Onena, eskola publiko egitea dela uste dute.
500 ikasle daude musika eskolan. Irudian, iazko Musikalean jarduera
EH Bilduk, Hondarribiko Musika Eskolaren egoera kritikoa salatu du komunikabideei bidalitako ohar baten bidez. Musika eskolako irakasleek bi hilabete daramatzate kobratu gabe eta, koalizioak iritzi duenez, soluzioa ematen ez bazaio datorren urtean ez da musika eskolarik egongo.
Bada hilabete batzuk irakasle talde batek lehengo zuzendaritzaren tokia hartu zuela. Kudeaketan irregulartasunak antzeman zituzten eta dokumentazioa eskatuta, ez zuten erantzunik jaso. Nonbait, azken urteotako diru sarrera eta irteera guztien agiriak falta dira eta, hori horrela, onartutako diru-laguntzarik jaso ezinik dago musika eskola: “Udalak ez du emango erabakitako diru-laguntzarik, kontuak azaltzen ez zirelako azkeneko urteetan eman ez dituen bezala”, nabarmendu du EH Bilduk.
Koalizioak jakinarazi duenez, zuzendaritza berriak udalera jo du, baina erantzunaren zain daude, eta egoera asko okertu da azken hilabeteetan: “Udalak auditoria bat agindu du, baina dokumentazioa falta dela-eta ez omen da auditoria hori egiterik. Orain dela bizpahiru hilabetetik, udaleko ogasun-zerbitzuak ikuskapen-txostena egitekotan daude”.
Soluzioa, “publikoa egitea”
EH Bilduren ustez, aurreko zuzendaritza da gertatu denaren errudun, baina udalaren arduragabekeria salatu dute: “Udalak baldin bazekien kontuak ez zirela aurkezten, zergatik ez du esku-hartu lehenago?”. Arazoari irtenbidea ematen ez bazaio, datorren urtean musika eskolarik ez dela izango uste du koalizio abertzaleak, eta legeak udalari zerbitzua bermatzera behartzen diola gogorarazi du: “Irakasleak kobratzen ez badute garbi dago ez dutela jarraituko. Eta orduan zer gertatuko da? Hondarribia musika eskolarik gabe geldituko da?”.
Horregatik guztiagatik, udaleko talde guztiak eta Hondarribiko Musika Eskolako zuzendaritza berria elkartzea eskatu du Bilduk: “Mahaiaren inguruan eseri eta irtenbidea bilatu behar zaio”. Nolanahi ere, musika eskolak behar duena argi du koalizioak: “Irtenbidea musika eskola publikoa egitea litzatekeela uste dugu”.