Lizarte taldeko Sergio Samitier da Bidasoko Itzuliko lehen liderra. Irrisarri Landen indar erakustaldia egin zuen. Gaur, Hondarribian da helmuga.
Sergio Samitier, atzo, elastiko horiarekin Irrisarri Landen. Argazkia: Lizarte.
Lizarte taldeko Sergio Samitierrek irabazi zuen atzo
Bidasoko Itzuliaren 45. ekitaldiko lehen etapa (Irun-Irrisarri Land, 107 kilometro). Bere taldeak, batez ere azken kilometroetan gogor lan egin zuen aragoidarra Irrisarri Land-eko mendate eta helmugara egoera egokian iristeko, eta lortu zuten. Espainiako Kopako liderra da Samitier, eta Lizartek Itzulia irabazteko mahaiaren gainean duen armarik bortitzena. Lehen abisua eman du.
Atzoko sailkapenak, hemen.
Etapa urduria izan zen atzokoa, baina azken bost kilometroetara tropela bilduta iritsi zen. Irrisarriko azken maldek (hirugarren mailako portua) erabaki zuten nork hartuko zuen lehenengoz elastiko horia, hau da, nork irabaziko zuen etapa. Eta zeregin horretan hiru segundoko aldea atera zion Samitierrek Colpack taldeko Marco Negrete kolonbiarrari, laukoa Technics Esperzako Julian Martens belgiarrari, eta zazpinakoa Lucas de Rossi (La Pomme Marseille, Frantzia) eta Matteo Sobrerori (Colpack, Italia).
Gaur du bigarren etapa Bidasoko Itzuliak. 14:20an aterako da Hendaiako Gaztelu Zaharretik, eta 15:30 inguruan bukatuko da Hondarribiko Harresilanda kalean. Baina aurretik, helmugara iritsi baino lehentxeago, Jaizkibel izango dute gainditzeko txirrindulariek. Etapa bukaera zorrotza.