Datorren igandean, hilak 14, zazpigarren aldiz, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteak mendiko maratoi erdiko proba antolatu du.
Gaur goizean aurkeztu dute igandeko Mendi Maratoi Erdia.
Datorren igandean, hilak 14, zazpigarren aldiz, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteak, Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdia deituriko proba antolatu du. 09:00etatik aurrera, 22,5 kilometroz Irun inguruko mendiak zeharkatuko dituzte.
Gaur goizean, Irungo San Juan plazan, Irungo Udaleko Kirol ordezkari Pedro Alegrek eta Erlaitz elkarteko bi kidek lasterketaren berri eman dute. Elkartearen lana nabarmendu nahi izan du Alegrek, Irunen, urtez urte, “kontsolidatutako” lasterketa egitea lortu dutelako. Gainera, probara gerturatzeko irundar guztiei bideratu die deialdia, mendi lasterketaz gozatzeko.
Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdia Meaka auzoko Ola sagardotegitik aterako da 09:00etan. Saroia baserritik pasa eta Endarlatsara zuzenean bideratuko dira kirolariak. Orduan hasiko da benetako lasterketa. Ordura arte lehiakideak “taldean” joango direla aipatu dute Erlaitzeko kideek, baina puntu horretatik aurrera lasterketa “gogortu” egingo da. %38ko desnibela duen aldapa igo beharko dute Pagogaineraino, Erlaitzeko buzoira iristeko. Ondoren, tarte batean zehar beheraka egin ostean, Aiako Harria mendian gora joango dira lasterkariak, %42ko desnibela duen aldapa igotzeko; lasterketaren tarte zailena da hori. Lehen tontorrean, 16. kilometroa egingo dute. Mendia zeharkatu ondoren, berriro Meakako Errota Zahar aldapatik iritsiko dira, helmugarantz abiatzeko.
Lasterketa bitartean sei abituallamendu postu izango dira. Dortsalak egunean bertan jaso behar dira, proba hasi aurretik Ola sagardotegiaren inguruan. Behin proba bukatutakoan korrikalarien poltsa emango diete lasterkariei. Dutxak badaude, helmugatik 100 bat metrora dagoen Siutz ikastetxean; bertan egingo da sari banaketa, nahiz luntxa.
Lasterketak 22,5 kilometroko luzera izango du. 1.300 metroko gorako desnibela egingo dute, 2.700 metroko desnibel metatuarekin. Antolatzaileek esan dutenez, aurtengo lasterketa “oso interesgarria” izango da. Emakumezkoen kategorian, Maite Maiora iazko txapeldunak parte hartuko du. Oihana Azkorbebeitia eta Alicia Olazabal irundarra ere bertan izango dira. Hiruek aukera izango dute aurreko urteetako marka hausteko.
Gizonezkoen kategorian, berriz, Aritz Egea, denboraldi bikaina egin ostean, prest dago igandekoa bereganatzeko. Gainera, iazko proban garaile izan zen Hassanek ere parte hartuko du. Gizonezkoen errekorra ordu bat, berrogei minutu eta hogeita hamar segundokoa da; emakumezkoena, bi ordu, sei minutu eta hamazazpi segundokoa.