Bidasoko Itzulia, 45. irabazlearen bila
Bihar (asteazkena) hasiko da Bidasoko Itzulia. 45. ekitaldirako aurreko urteetako ibilbide berbera mantendu dute antolatzaileek.
- Lehen etapa (hilak 10, asteazkena). Irun-Irrisarri Land. 107,1 kilometrokoa, ziurrekin Igantziko (Nafarroa) Irrisarri Landera iristeko mendatean erabakiko dela etapa (3. mailako mendatea da). 14:25ean abiatuko da etapa Urdanibia plazatik, eta 17:10-17:20 inguruan bukatu Nafarroako abentura parkean.
- Bigarren etapa (hilak 11, osteguna). Hendaia-Hondarribia. 123,1 kilometrokoa, Jaizkibelgo azken traka da (17:00ak inguruan pasatuko dira bertatik) eguneko puntu beroena. Hendaiako Gaztelu Zaharren abiatuko da lasterketa (14:20), Hondarribiko Harresilandan 17:35 inguruan bukatzeko.
- Hirugarren etapa (hilak 12, ostirala). Orio-Orio. Klasikoa etapa hau Bidasoko Itzulian, baita luzeena ere, 130 kilometrokoa. Bigarren mailako bi mendate ditu (Mandubia eta Aia) eta hirugarreneko bat (Meaga). Orioko Arrantzale kalean egongo dira irteera (14:25) eta helmuga (17:45-17:55).
- Laugarren etapa (hilak 13, larunbata). Irun (Ficoba)-Irun (Colon). Etapa motzena, 77,5 kilometrokoa, baina intentsoena. Bidean Gurutze (3. mailakoa, 15:10 inguruan), Aritxulegi (1. mailakoa, 15:25), Agina (1. mailakoa, 15:40) eta Erlaitz (1. mailakoa, 16:30) igoko dituzte partaideek, handik Colon hiribideko helmugara joateko (17:00 inguruan). Ziurrenik, eta aurrekon urteen antzera, etapa honetan markatuko dira Itzuliko diferentzia nagusienak.