-60 kiloetan, Aitor Goikoetxeak zilarra lortu du eta Javier Estevas-Guilmainek brontzea. Jon Pascual brontzea izan da -81 kiloetan.
Hondarribiarrak Valentzian, dominak jaso eta gero
Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo Taldeak hiru domina lortu zituen asteburuan Valentzian ospatu den Kadete Mailako Espainiako Judo Txapelketan. Metaletako bi -60 kiloetan lortu zituzten hondarribiarrek, Aitor Goikoetxeak zilarra eta Javier Estevas-Guilmainek brontzea. Eta -81 kiloetan, Jon Pascualek brontzea eskuratu zuen, azken borrokan dena eman eta gero.
Lehiatzen denbora gutxi daraman arren —urtarrilean hasi zen entrenatzen lesio luze baten ondoren—, Unai Bermejok zazpigarren postua lortu zuen -50 kiloetan. Azkenik, martxoan itsuen Espainiako txapeldun geratu eta gero, Jokin Galarraga ere lehiatu zen Valentzian.
Kadeteenez gain, Haurren Mailako Espainiako txapelak izan dira jokoan. Joseba Castello izan zen Ama Guadalupekoa Judo elkarteko ordezkari bakarra (-55 kilo); lehen borrokan galdu zuen, eta ez zuen aukerarik eduki errepeskan sartzeko.
Entrenatzailea, “harro”
Dominen banaketaren ondoren, Ronaldo Veitia Hondarribiko klubeko entrenatzaile kubatarrak sei gazteen jarrera goraipatu zuen: “Kirol bilakaeran urrats erraldoiak ematen ari direla erakutsi dute gaur. Jarrera, gogoa, eta zailtasunak gainditzeko erakutsiriko grina, hori da gaurko irakasgai nagusia, etorkizunerako balioko diena. Oso harro nago seiek Valentzian erakutsi dutenaz”.
Veitiak, Oier Goikoetxea eta Alberto Arnalen laguntza izan zuen txapelketan zehar.