Lehen Mailara igotzeko lehen urratsa eman dute, finalerdian San Ignacio Venue taldeari irabazita. Finala Navarro Villosladaren kontra jokatuko dute.

Lehen urtea du Ikasbasket taldeak Bigarren Euskal Ligan
Espainiako Lehen Mailara (Euskal Liga) igotzeko lehen urratsa eman du Express Hondarribia Ikasbasketek, lauko finaleko lehen partida San Ignacio Venue taldeari irabazita (46-58). Finalean, Navarro Villoslada izango dute aurkari, nafarrek Getxoren aurka ezustekoa eman eta gero.
Ganix Miron entrenatzaileak aste honetan
HITZAri esandakoaren arabera, lauko finala jokatu ahal izatea sari bezala hartzen zuten, eta lehen partida bakarrik zuten buruan. Baina finalerdia irabazita, urrats bakar batera dute igoera, eta urrats hori ematen saiatuko dira arratsaldean, 18:00etatik aurrera.
Aurrean Iruñeko Navarro Villoslada taldea izango dute hondarribiarrek. Bigarren finalerdian Getxo Saskibaloiaren aurka ezustekoa eman zuten nafarrek —Getxok bigarren bukatu du liga, eta iruindarrek bosgarren—. Finala oso zaila izango da Hondarribia Ikasbasket taldearentzat, orain arte elkarren aurka aritu diren bietan nafarrak nagusitu direlako.
Ikasbasketek igoera lortuko balu, Gipuzkoako bigarren taldea litzateke Lehen Mailako euskal multzoan, Ibaeta Bera Beraren ondoan. Hamabi talde daude Euskal Ligan, gehienak bizkaitarrak.