Blagan Euskara Elkarteak euskararen kale-neurketari buruzko mahai-ingurua egingo du Kultur Etxean. Egoera iraultzeko zer egin eztabaidatuko dute.
Herri euskalduna al da Hondarribia? goiburuarekin, euskararen kale-neurketari buruzko mahai-ingurua antolatu du Blagan Euskara Elkarteak gaurko. Kultur Etxean izango da, 19:00etan. Soziolinguistika Klusterrak martxoaren 9an aurkeztu zituen iazko udazkenean egindako ikerketaren emaitzak, eta egoera larria dela argi utzi zuten.
Mahai-inguruan Xabier Isasik, Maite Berruetek eta Mikeldi Zeberiok parte hartuko dute. Hirurak Blaganeko kideak dira, baina hori baino gehiago direlako aukeratu dituzte: “Isasik kontu hauek nola gertatzen diren ulertzen lagunduko digu, bera izan baitzen klusterrak erabiltzen duen metodologiaren sortzaileetako bat. Berruetek lan zabala egina dauka Hondarribian egin den hizkuntza-plangintzari buruz. Eta Zeberio, herri desberdinetan euskara sustatzeko erabiltzen diren eta erabil daitezkeen bideen ezaguera zabala dauka, eta bere ekarpenak egingo dizkigu”.
Blaganek dei egin die hondarribiarrei mahai-ingurura hurbildu eta haien kezkak eta iritziak azaldu ditzaten. Ainhara Zuazabeitia Euskadi Irratiko kazetariak moderatuko du ekitaldia.
Euskararen erabileraren aldeko pankarta bat, olinpiadetan