Gaur goizean Irungo EH Bilduk agerraldia egin du Udaletxean.
Irungo Udalean egin du prentsaurrekoa EH Bilduk.
Gaur goizean Irungo EH Bilduk agerraldia egin du Udaletxean. Silvestre Balerdi eta Arantza Estibaliz kideek, Jose Caitano Diez EH Bilduko zinegotziarekin batera, koaliziotik “betidanik” izan duten energia gaiaren inguruko interesa irundarrei plazaratu nahi izan diete gaurkoan.
Prentsaurrekoan esan dutenez, efizientzia energetikoaren alorrean, krisialdia hasi zenetik, nahiz eta ekintzak egin diren, “kasu askotan ekintza puntualetara murriztu” direla salatu dute. Harago joan behar dela azpimarratu dute, ekintza horiek ekimen hutsal batean gera ez daitezen. Irungo energia erabilpenaren inguruko programa bat osatzeko nahia dutela zabaldu dute. Esan dutenez, “lehentasunezkoa” izan behar du Irun bezalako udal baterako bide horretako erabakiak hartzea. Gainera, “oinarrizko” elementu bezala ikusten dute koaliziotik, hiri antolamendurako plana egiterako orduan.
“Ideia garrantzitsua da”, azpimarratu dute, udaletxe bateko planaren barruan funtsezkoa izan beharko lukeelako. Adituen iritziz, “behetik gora” etorri behar du energia erabileraren aldaketak, “herri eta hirietatik hasita”, esan dute. Horrelako proiektu bat aurrera emateko, “alkatearen lidergoa beharrezkoa” dela azpimarratu dute. Alkatearen irudia izan arren, bakarrik giza eta politika adostasun batekin energia berriztagarrien aldeko apustua egitea posible dela esan dute, eta hori “ezinbestekoa” ikusten dute koaliziotik.
Irundarrei eta herritarrei orokorrean zuzendu dira, “energia modelo berri bat” posible dela azpimarratuz, “erremintak” badaudela horretarako. Energia burujabetza posiblea dela uste dute, baina energia berriztagarriekin lanean aritzeko soilik. Horretarako, denbora luzez lanean aritu ostean, “Irungo energien agentzia bat sortzeko” beharra plazaratu dute, energia berriztagarrien biderako prozesua eramango zuen hura. “Energia burujabetza sustatzea” ezinbestekoa ikusten dute koaliziotik, eta horretarako irundar guztiei zuzendutako jarduketak egingo dituzte. “Kezka” hiritarren artean zabaltzeko eta gaia gizarteratzeko maiatzerako bi ekitaldi antolatu dituzte.
Datorren maiatzaren 2an, Palmera Monteron, Aitor Urrezti, EHU-ko Energia Berriztagarrien Graduko irakasleak ‘Irungo burujabetza energetikoa posible da’ hitzaldia eskainiko du 19:00etan. Gainera, maiatzaren 23rako beste hitzaldi bat antolatu dute. Bertan, Iruñeak jada duen Energia Agentziaren Dozzi Joel kideak euren esperientzia kontatuko du, 19:00etan, ‘Energia agentziaren esperientzia’ deituriko hitzaldian.