Santiagotarrak Kirol Elkarteak antolatu zituen lehen kopa horren barruko bi saioak, larunbatean Nafarroa Beherean (luzea), eta igandean Bidasoan (motza).
Santiagotarrak taldeak honako kirolariekin parte hartu zuen jaitsieretan.
Emaitza onak pilatzeari ez dio uzten Santiagotarrak Kirol Elkarteak. Asteburuan, klubak antolatua, Espainiako Ur Bizietako Jaitsierako Espainiako I. Kopa jokatu zen: larunbatean (ibilbide luzean, 4.000 metro) Ortzaize eta Bidarrai artean (Nafarroa Beherea) Errobi ibaiak egiten duen bidean, eta igandean (ibilbide motzean, sprint erakoa, 300 metro) Bidasoa ibaian. Eta horietan pilatutako puntuengatik, bigarren izan zen Irungo taldea. Lleidako (Katalunia) Sicoris Club taldea soilik izan zuten aurretik bi jaitsieretako emaitzak kontuan hartzen badira.
Taldekako emaitza ona izateko, kirolarien banakako emaitzak onak izan behar. Hala, larunbateko distantzia luzekoan, Juncal Munduatek (K1 kadeteetan) bigarren postua lortu zuen, eta Paula Grijalbak (K1 seniorrak) brontzezkoa. Igandean, Bidasoko sprintean, Munduatek eta Grijalbak (c1ean) urrezkoa eskuratu zuten. Gainera, Grijalbak zilarrezkoa irabazi zuen seniorren K1ean, eta Garazi Estonba ere podiumaren bigarren koskara igo zen, kasu horretan C1 seniorretan. Jon Iribarrenen lana ere aipatzekoa, brontzea izan zelako K1eko Senior Mailan.
Eslaloma, hurrengoa
Jaitsieratik, slalomera. Santiagotarrak-en ur bizietako sekzioaren hurrengo erronka Eslalomeko Espainiako III. Kopan dago. Maiatzaren 6 eta 7an egingo da Seu d’Urgell-en (Lleida, Katalunia). Hori bakarrik ez. Hurrengo asteburuan, Paueko (Biarno) kanalean beste bi jardunaldi jokatuko dira, eta Santiagotarrak-etik adierazi dutenez, proba horien emaitzen arabera erabakiko da Espainiako Estatuko zein kirolarik parte hartuko duten egutegian zehaztuta dauden nazioarteko probetan.