Gaur goizean aurkeztu dute CBA Kultur Gunean asteburuan egingo duten Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik sortutako Ongi Etorri Gernika 2017 dinamika.
Gaur aurkeztu dute CBA Kultur Gunean Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak antolatutako martxa.
Gaur goizean aurkeztu dute CBA Kultur Gunean asteburuan egingo duten Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik sortutako
Ongi etorri Gernika 2017 dinamika. Gernikaren bonbardaketaren harira, bakearen ikur bilakatu da herria eta egoera horrek ekarri zituen ihesaldiak, gaur egungo errefuxiatuen egoeraren isla dela adierazi dute plataformatik. Horregatik, datorren ostiralean, hilak 28, Ipar Euskal Herritik Gernikara joango den martxa antolatu dute, asteburuan zehar Bizkaiko herrian antolatu duten egitarau aldarrikatzaileari batzeko.
Aurkezpenean Arantxa Odriozola, Jesus Rodriguez, Rosario Iraola eta Begoña Infanta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak izan dira. Gaur egungo errefuxiatuen egoera salatu dute, eta “arrazagatik, erlijioagatik, nazionalitateagatik, gizarte talde jakin batekoa izateagatik, edo iritzi politikoengatik” jazartuak diren errefuxiatuen egoera ezagutzeko antolatu duten egitarauaren berri eman dute. Aurkezpena hasteko, errefuxiatuen inguruko bideo labur bat jarri dute. Bideoan, Frankismo garaian Irungo eta Euskal Herriko jende askok ihes egin behar izan zutenen egoera azaldu dute, atzoko errefuxiatuak izanik, gaurkoei laguntzeko prest daudelako.
Errefuxiatuen alorrean Europako herrialdeek sinatutako akordioa “inork bete” ez duela salatu dute. Elkartasunetik harago joan nahi dute plataformatik eta “legalitatea betetzea” aldarrikatzea dute helburu hurrengo egunetako ekitaldiekin. “Errefuxiatuen harrera kopurua” ere bete ez dutela esan dute, politikariei kritika luzatuz.
Horretarako, ostiralean, 17:00etan, Irungo Santiago zubian Ipar Euskal Herriko zutabeari ongi etorria egingo diete, geroago topoz Gernikarako bidea egiteko. Egunean bertan Eibarrera topoz iritsi eta han gaua pasatuko dute. Larunbatean, Ermuara joango dira oinez, geroago, topoz, Zugastietarako bideari ekingo diote. Handik Muxikarako ibilbidea oinez egingo dute eta bertan herrialde ezberdinetatik ateratako zutabeak elkartuko dira. Muxikatik tipi tapa aterako dira larunbatean Gernikara iristeko.
Gernikan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Ongi Etorri Gernika ekimenetik larunbat eta iganderako. Irungo, Bidasoko, Euskal Herriko eta mundu osoko herritarrei zuzendu zaie deialdia, “errefuxiatuen inguruan hartutako erabakiak bete” daitezen eskatzeko. Gernikara joango den ibilaldian parte hartu ahal izateko
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako web orrialdean izena eman beharko dute interesatuek. Informazio gehiago eskuratzeko, web orrialde berberean eskuragarri dago.