Datorren asteartean, hilak 25, Opila Eguna ospatuko dute irundarrek.
Neska kuadrilla bat iazko Opila Egunean.
Datorren asteartean, hilak 25, Opila Eguna ospatuko dute irundarrek. Eguna arazorik gabe aurrera ateratzeko, udaletik prebentziorako neurri plan bat prestatzen ari dira. Prebentzio planean Gizarte Ongizate, Hezkuntza eta Gazteria, Mugikortasun eta Udaltzaingoaren delegazioek hartuko dute parte.
Gizarte Ongizate ordezkari Sergio Corchonen hitzetan, “Opila Eguna gazteek eta hiriak gogoz itxaroten duen eguna da”, eta egunean bertan inolako ustekaberik gerta ez dadin, udaletik Irungo dendetara adin txikikoei alkohola saltzeko debekuaren inguruko gutuna bidali dute, gazteen artean sor daitezkeen arazoak gogorarazteko.
Bestalde, San Martzial eta Guadalupeko zelaietara, urtero bezala, autobus zerbitzu berezia prestatu dute. Inor joan gabe gera ez dadin, doakoak izango dira. Zerbitzuak bi linea eta ibilbide ezberdin izango ditu. Goizez eta arratsaldez autobusa hartzeko aukera izango dute irundarrek, ordu erdiroko maiztasunarekin. San Martzialera eta Guadalupera joango diren autobusak 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:30etara izango dira.
Zerbitzu horietaz gain, Irungo Udaltzaingoak prebentziorako beste neurri batzuk hartuko ditu. Alkohola salduko duten taberna eta dendetan zaintza lanetan arituko dira, adibidez, adin txikiko inork alkohola eros ez dezan.