Beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna erakutsi duela "eta gure kulturara ekarri, euskararen baitara", esan du epaimahaiak.
Fermin Muguruza Argazkia: Ikorkotx
Aurtengo Adarra Saria jasoko du Fermin Muguruza musikariak
IRUTXULOKO HITZAk jakinarazi duenez. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omenaldia egiteko. Muguruzak, “beste inork ez bezala” erakutsi duela beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna “eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara”, nabarmendu du Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdes musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako epaimahaiak.
Ekainaren 21ean emango diote saria Muguruzari, eta egun horretarako kontzertu berezia prestatu du irundarrak.