Oriotarra jaiotzez, irakaslea lanbidez, eta idazlea gustoz. Irungo Santiagotarrak Kirol Elkartearen berrogeita hamar urteko historia luzea kontatzen duen liburua idatzi eta kaleratu berri du.
‘Santiagotarrak 50 urte Bidasoan’ liburua idatzi eta kaleratu berri du Manu Etxeberria oriotarrak.
Santiagotarrak-en historia, Eguberri batean, kalez kale kantuan hasi omen zen…
Bai, halaxe da. Santiago kalean, 1964-1965 urteetan arrauna maite zuten kuadrilla batzuk elkartu ziren, liburuan azaltzen den bezala, eta Olentzeroen lehiaketaren lehenengo saria irabazi zuten. ‘Orduan, diru horrekin zer egin?’, pentsatu zuten irundar horiek. Elkarte bat sortzea erabaki zuten azkenean, hainbat eginkizun eta alorretan lan egiten hasteko. Lehendabizi, Cordoba familiaren ganbaran elkartzen hasi ziren, bilerak bertan egiteko. Pixkanaka jende gehiago elkartu zen. Hortik, gaur ezagutzen dugun Santiagotarrak elkartea sortu zuten.
Nola laburtuko zenuke Irungo taldearen 50 urteko historia?
Hasieran apala, baina era berean ilusioz betetako jarduna egin dute bost hamarkadetan. Diru eta ontzi oso gutxirekin hasi ziren, eta pixkanaka, hemendik hara, laguntza eskatzen eta gelditu gabe, gazteek gogoz ekin zioten proiektuari. Lehendabizi instalazio bat egin zuten, elkartea sortu eta urte batzuetara. Beraien eskuekin egina da dena, euren izerdiarekin. Urteekin, pixkanaka, elkartea handitzen joan zen. Geroz eta jende gehiagok piragua edo ontzia hartu eta Bidasoan entrenatzeko nahiarekin aurrera egin zuten. Oraingo instalazioak dauden leku berberean egin zituzten lehen pausu horiek. Gaur egun, instalazio bikainak ditugu, eta kirolari mordoa gainera. 250 inguru dabiltza aurten uretan lehiatzeko prest. Badira urte dezente kirolari kopuru horren bueltan dagoela Santiagotarrak.
Arrauna eta Bidasoko badia. Bien arteko batura indartsua izan da…
Bai, egia da. Lotura interesgarria sortu da. Lehendabizi esan beharra dago, piraguak baino lehenago, Santiagotarrak batelengatik egin zela ospetsu. Sorreran, batelekin hasi ziren. Santiago auzoko jaietan estropada ugari antolatzen zituzten bertako gazte arraunzaleen artean. Ondoko beste herrietatik ere kirolariak etortzen ziren, bateletan lehiatzeko. Nahikoa maila polita zegoen arraunean orduan. Taldea hortik abiatu zen eta geldialdirik gabe aurrera jarraitu zuen. Gero, nahiko goiz, piraguismoa ere beste modalitate batzuk interesgarriak izan zitezkeela ikusi zuten, eta horrela hasi ziren mundu horretan. Zuten ilusio eta gogo guztiekin aurrera jo zuten, pausoz pauso, gaur arte.
330 orrialdeko liburuan, 200 argazki baino gehiago aurki daitezke. Nolakoa izan da informazioa eskuratzeko prozesua?
Lehendabizi, protagonistekin hitz egin nuen. Geroago, fundatzaileekin kontaktuan jarri nintzen, euren esperientzia zein izan zen kontatzeko. Aldi berean, klubean bertan eta bestelako hemerotekatan informazioa bilatzen aritu naiz. Informazio hori guztia kontrastatu egin behar izan dut; hori da lana kaleratzeko behar izan dugun denbora tarte zabalaren arrazoia. Hortik aurrera artxibo eta datuak ere beste modu batzuetara aurkitu ditut. Egia esan, liburuarekin hasi nintzenean, lau-bost hilabetez aritu nintzen informazioa eskuratzen. Oso intentsoak izan ziren hasierako hilabete horiek guztiak, baina ohituta nago horrelako informazio bilketa sakonak egitera. Kirol berri horiek era sakon batean ezagutzea esfortzua izan da, baina emaitza ikusita, erabat gustura geratu naiz egindako lan guztiarekin.
Bi kuadrilla izatetik, 250 kirolari baino gehiago izatera pasatu da taldea 50 urtean.
Bai, baina pixkanaka-pixkanaka izan da dena. Klubaren sorreratik, gazte asko Bidasoko badiara gerturatzen hasi ziren, baina gaur egun maila handiago batean gertatzen ari da hori. Urteekin boladak izaten dira, faseak, non kluba txiki geratu zen, eta berritze prozesu batean murgildu behar izan zuen. Geroz eta jende gehiago izena ematen joan da, eta instalazioen handitzeak harremana izan du kirol elkartearekin bat egin duten kirolarien kopuruarekin.
Ganbara eta oilategi bat lokal bezala, eta bi batel uretan sartzeko. Horrela hasi zen Santiagotarrak kirol elkartearen ibilbidea. Eta Olinpiar Jokoetaraino iritsi da…
Bai, egia esan izugarrizkoa da elkartea noraino iritsi den berrogeita hamar urteetan. Hasieratik garbi ikusi nuen Santiagotarrak elkarte handia zela. Ez bakarrik kirol lehiaketetan, baita sozialki duen arrakastarengatik ere, gazte asko hurbiltzea lortu duelako. Kirol lehiaketetan maila gorenera iritsi dira. Munduko Txapelketan Santiagotarrak-eko kirolari asko eta asko izan dira. Hogeita hamar kirolaritik gora mundialetara joan direla esango nuke. Olinpiar Jokoetara lau kirolari joan dira taldetik, lau ordezkari. Elkarteak, guztira, zortzi Olinpiar Jokotan parte hartu duela esango nuke, eta hori garaipen oso garrantzitsua da Santiagotarrak bezalako talde batzentzat, oso pozgarria. Hori guztia liburuan azal zedin egin dut lan.
Irakasle eta arraunzale izatetik, idazle izatera pasatu zinen. Zer pasa zitzaizun burutik?
Gaztetan Orion ibiltzen nintzen arraunean, gustuko nuen kirola zelako. Denboraldi batean lesio bat izan eta utzi behar izan nuen. Garai horretan, Euskaldunon Egunkaria-n kolaboratzen nuen, eta estropaden kronikak egiten nituen maiz. Arrauna utzi eta boligrafoa hartu nuen, beti esaten dudan bezala. Geroago, kasualitatez, liburu bat egiten kolaboratu nuen. Egiteko gai nintzela ikusi eta aurrera ekin nion idazle izateari.
Bestelako libururik idatzi al duzu?
Bai, bat baino gehiago. Lehendabizikoa, irakaslea izanik, nahiko didaktikoa den Arrauna Euskal Herrian idatzi nuen. Gero, Zarauzko estropadei buruzko Zarauzko Ikurriña liburua argitaratu nuen, lehia horren 25. urteurrena izan zenean. Geroago, Orioko urte bereziak hasi zirenean, Oriotarren iraultza liburua egin nuen. Orduan dena aldatu zen. Entrenamenduak ere aldatu ziren. Orion nazioarteko estropada jokatzen hasi ziren, Oxford eta Cambridge mitikoen aurka.
Azkena, Bizkaiko Santurtzi eta Kaiku traineruen urrezko urteen ingurukoa egin nuen. Bizkaiaren arraunaren urrezko urteak izena du, eta 1970-1980 hamarkadan bi taldeek izandako ibilbidearen gainekoa da.
Nolatan oriotar bat Irungo talde baten historia kontatzen?
[Barrez] Bizitzak Bidasoko badiara ekarri nau, Hendaiara, hain zuzen ere. Bertan bizi naiz. Hendaian ibili eta lo egin, eta gero Irunen egiten dut bizitza. Oraindik arraunzalea naiz oso, eta duela bost urte Santiagotarrak elkartera hurbildu nintzen, arraun munduarekin berriro kontaktua izateko. Orduan, arraunean hasi nintzen berriz ere, eta elkartean erabat integratzea lortu nuen.
Ur bizietako piraguismoa, ur lasaietakoa edo arrauna, zeinekin geratzen zara, zein duzu gustukoen, eta zergatik?
Nik praktikatu dudana eta benetan ezagutzen dudana arrauna da. Tosta mobilekoa edo finkokoa, biak gustatzen zaizkit. Piraguismoko bi modalitateak (ur bizi eta lasaietakoa) gustuko ditut, eta kontua da hauek ere badituztela ezaugarri politak. Gaur egun, orduak eta orduak hiru kirolez gozatzen pasa ostean, hiru modalitateen zalea naizela esan dezaket.
Arrauna pisua hartzen ari ote da, futbola, eskubaloia edo saskibaloia bezalako kirolak nagusi diren eskualdean?
Arraunak denboraldi mugatua duela da arazoa, beste kirolek ez bezala. Lau-bost hilabete ondoren denboraldia dagoeneko bukatu da, eta urteko beste hilabeteetan maite duzun kirolean lehiatzeko zailtasunak izaten dira. Mugatuagoa da, baina hilabete horietan telebista edo sareak direla-eta indarra hartzen joan da azkeneko urteetan, bai. Jendeak geroz eta gehiago jarraitzen du, kirol indartsua baita oso. Osasun ona duen kirolak dira piraguismoa edo arrauna. Futbola eta kirol horien alternatiba izan daitekeen euskal kirola dugu arrauna, gurea, eta geroz eta jende gehiagok jarraitzen duena.
50 urteko historian, berezitasunik aurkitu duzu?
Bai, berezitasun asko izan dira. Liburua anekdotaz eta horrelako berezitasunez josia dago. Orrialde askotan daude istorio esanguratsuak. Esaterako, hasierako garaietan estropadetara joateko erabiltzen zituzten kotxeen berri emateko tartea izan dut. Santiagotarrak-eko kide batek parte hartu zuen lehenengo Olinpiar Jokoetan ere hainbat berezitasun izan ziren. Liburua horrela