Bidasoa, Hondarribia batez ere eta Irun, turistez beteta izan dira Aste Santuan. Hondarribian hotelen okupazioa sei puntuan hazi da.
Hondarribiko San Pedro kalean, bisitariak herriaz gozatzen.
Bidasoa, Hondarribia batez ere, turistez beteta egon da Aste Santuan zehar. Euskal Herriko eta Gipuzkoako joera berretsi egin dute Hondarribian eta Irunen bildu dituzten datuek. Horrela, bi hirietako turismo bulegoek 3.780 bisitari izan dituzte jaiegun horietan, eta hotelen okupazioa %90 pasatxokoa izan da. Datuak Bidasoa Bizirik-ek jaso eta zabaldu ditu.
Hondarribian bildu dira gehienbat turistak. Hango turismo bulegoek izan duten bisitarien kopurua %8,5 hazi da 2016ko epe berbereko datuekin alderatuz. Bertako hotelen bezeroen kopurua 2016an %88,14koa izan zen bitartean, aurten %94,12koa izan da.
Irunen, hotelen okupazio metatua %86,25koa izan da (%95eko batez bestekoa), iaz baino pixkat baxuagoa.
Landa etxeen okupazioa ia erabatekoa izan da.
Bidasoak jaso dituen bisitarietatik gehienak Euskal Herritik, eta Kataluniatik, Madrildik, Valentziatik nahiz Aragoitik iritsi dira. Espainiako Estatutik kanpoko bisitarien artean, Frantziakoak izan dira gehienak.
Hoteletako nahiz bestelako establezimenduetako arduradunak pozik daude datuokin. Eguraldi onak lagundu egin du, eta gainera, nabarmendu dutenez, aldez aurretik egin dituzte bisitariek hoteletako erreserba gehienak, planifikazioa egiteko bidea erraztuz.