Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Irunen hainbat ekitaldi prestatu dituzte udaletxetik datorren igandetik hurrengo larunbatera arte.
Zabaltza Plazan egingo dute igandean liburu azoka, 11:00etatik aurrera.
Datorren igandea, hilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Egun horren harira, Irunen hainbat ekitaldi prestatu dituzte udaletxetik. Igandeaz gain, hurrengo egunetarako ere irakurketa eta tailer ezberdinak prestatu dituzte, literatura maite dutenei zuzendua.
Igandean, liburu azoka egingo dute Zabaltza plazan Elkar, Tinta Comics eta Brontë liburu-denden laguntzarekin. Azokari 11:00etan emango diote hasiera, eta 20:00ak arte zabalik egongo da. Egunean zehar liburuak erosi eta irakurtzeko aukera izango dute gerturatutako guztiek.
Astelehenean, hilak 24, CBAn, irakurketa publikoen ordua izango da. Aurtengo irakurketetan, Miguel de Cervantesen
El Quijote eta Kattalin Minerren
Nola heldu naiz ni honaino irakurriko dituzte, 10:30etik aurrera. Gaztelerazko liburuaren irakurketarekin Jose Antonio Santano alkatea hasiko da, geroago hiritarrei txanda emateko. Euskarazko irakurketaren kasuan, idazleak berak hasiko du irakurketa.
Asteburuko egitarauaz gain, hurrengo asteazkenean, hilak 26, 17:30ean etxeko txikiei zuzendutako ipuin kontalaria izango da CBAn. Ostegunean, berriz, helduentzako ipuin kontaketa izango da 19:30etan Miguel Angel Montilla narratzailearekin.
Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauari amaiera emateko, larunbatean, hilak 29, ingelesez egingo den ipuin irakurketa eskainiko dute 11:00etan, CBAan ere.
Irakurketetan parte hartu nahi duten guztiek
korreoz edo 943 505421 telefono zenbakira deituta izena eman beharko dute.