Hiriko autobus linea guztietan autobus elektrikoak jartzeko konpromisoa hartu du udalak. Renferen geltoki ondoan nahi du autobus geltoki berria.
L1 linea izango da elektrikora egiten lehena. Bezero gehien dituena da.
Irungo Mugikortasun Mahaiaren bilkura egin zuten atzo. Bertan, udalaren partetik, hiru berritasunen berri eman zuten: 2027ra begira Irunbuseko ibilgailu guztiak elektrikoak izatea da helburua, ibilbide luzeko autobusen geltoki berria negoziatzen hasi da Adifekin udala, eta L4 linea sortuko dute 2018an: Fermin Calbeton kalea-Artia-Tenis Txingudi bidea (eta buelta) egingo luke.
Autobus elektrikoak. 2018an nahiko luke udalak, garraio publikorako orduan izenpetu behar den kontratu berriaren harira, autobus elektrikoen aroa hastea Bidasoan. Lehena 2018an, eta Irunbusen flota osoa 2027rako. Hala, udala-Irunbus kontratua, hamar urtero berrikusi beharrean, bi urtero berrituko dute: “Autobusen merkatua bilakaera azkarra izaten ari da. Horregatik bi urteroko erabakia. Oraindik autobus elektrikoak nola erosi ez dago erabakita, baina L1 linea elektrikoekin egiten hasi nahi dugu jada”.
Mugikortasun Mahaian hitz egindakoen artean ere ibilbide luzeko autobus geltoki berriaren gaia izan zen. Udala Adifekin negoziazioetan ari da, geltoki berri horren bila. Aduana kaleko alternatiba baztertuta (udalarena da eremu hori, baina zailtasunak zituen), Renferen geltoki ondoko parkina geltoki bilakatzea da udalaren asmoa.