Txingudi Ikastolako Gurasoen Elkarteak euskararen erabilera handitzeko udalekuak prestatu ditu Pazko Asterako.
IrriSarri Land-en egingo dituzte euskararen erabilera indartzeko udalekuak.
Txingudi Ikastolako Gurasoen Elkarteak euskararen erabilera handitzeko udalekuak prestatu ditu Pazko Asterako. Elkarteak hizkuntzaren erabilera sustatzeko duen planaren baitan, apirilaren 18, 19, 20 eta 21erako Nafarroako IrriSarri Land-era (Igantzi) txango berezia antolatu dute.
Gurasoen Elkarteak antolatutako udalekuak 6 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduak dira, Lehen Hezkuntzako ikasle guztiei. Nafarroako ‘natura abentura’ parkean txikiek jolastoki, ibilbide mitologiko, ikaztegi edo tirolinez gozatzeko aukera izango dute. Guzti hori euskaraz, lau egunez, Txingudiko ikasleen euskara erabilerari bultzada emateko.
Udalekuen prezioa 155 eurokoa da, pertsona bakoitzeko. Familia bereko bi kidek parte hartzekotan, %10eko deskontua jasoko dute. Bi baino gehiago apuntatzen badira, berriz, %15ekoa. Prezioan garraioa, alojamendua pentsio osoan, kirol jarduerak, begiraleak, Erantzukizun Zibila eta Asistentzia aseguruak sartzen dira. Interesa duten gurasoek apirilaren 6ra arteko epea izango dute izena emateko.
Txingudiko Gurasoen web orrialde ofizialean izena eman beharko dute, geroago Txingudi Ikastolako Guraso Elkartearen kontu korrontean dirua sartzeko. Plazak mugatuak izango dira, antolatzaileen hitzetan. Informazio guztia jada aipatutako web orrialdean edo 691397577 telefono zenbakira deituta lortzeko aukera dago.