Hiru jardunaldi geratzen direnean, oraindik aukerak baditu bigarren geratzeko, baina oso gutxi. Ia ziur, Logroñon edo Getxon jokatuko da lauko finala.
Bigarren Euskal Liga amaitzeko hiru jardunaldi geratzen direnean, igoera fasea jokatzeko sailkapena lortu du Express Hondarribia Ikasbasket taldeak. Larunbatean 62-47 irabazi zioten San Antoniori eta 16. garaipena lortu zuen, seigarren tokian dagoen Paz de Ziganda Ikastolak dituenak baino hiru gehiago; lehena zuzenean igoko da, eta hurrengo laurek bigarrenaren etxean jokatuko dute lauko finala.
Ganix Mironek entrenatzen duen taldeak ez zuen denboraldiko partidarik onena jokatu larunbatean, eta asko kostatu zitzaion partidan sartzea. Atsedenaldira 31nako berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak. Baina bigarren zatian defentsa estutu zuten hondarribiarrek eta San Antoniok azken unera arte borrokatu zuen arren, garaipena Hondartzan geratu zen. 14 punturekin, Izaro Alza izan zen hondarribiar onena saskiari begira.
Geratzen zaizkion bi partidak —azken jardunaldian atseden du— galduta ere, lauko finalean izango da Hondarribia Ikasbasket. Lehen sailkatua zuzenean igoko da Lehen Mailara, eta horretarako borroka estuan daude sartuta Logroñoko Campus Promete eta Getxo Burdinola. Bietatik zuzenean igotzea lortzen ez duenak, ia ziur bere etxean jasoko du lauko finala.
Hondarribiarrek oraindik badituzte aukerak bigarren sailkatzeko, baina horretarako geratzen zaizkien bi partidak irabazi beharko lituzkete, eta Prometek edo Getxok hirutik bi galtzea. Nolanahi ere, etxean ez balitz ere, igoera fasea jokatzea sekulako saria litzateke lehen aldiz Euskal Ligako Bigarren Mailan ari den Hondarribia Ikasbasket taldearentzat.
Izaro Alza izan zen Hondarribiko taldeko saskiratzaile onena