Euskal Herriko eliz musikaldi zaharrena da. Bi asteburutan goi mailako lau kontzertu antolatu ditu Eskifaiak, denak parrokian eta doan.
Aristizabal eta Silanes, Hondarribiko 35. Eliz Musika Zikloa aurkezten
Zenbaki biribila beteko du aurten Eskifaia Elkarteak antolatuta aste santuaren inguruan egiten den Hondarribiko Eliz Musika Zikloak. 35.ez egingo dute, eta gaur hasiko da, Ainur ganbera koruak emango duen kontzertuarekin. Iazko formulari jarraituz, lau kontzertu antolatu dituzte aurtengo ekitaldirako, bi asteburu honetan, eta beste bi aste santukoan. Kontzertua guztiak Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliz parrokian izango dira, 19:30ean eta doan.
Aurkezpenean Kalixa Silanes Kultura zinegotziak eta Juan Ignacio Aristizabal Eskifaia elkarteko presidenteak nabarmendu zutenez, Euskal Herriko eliz musikaldi beteranoena da Hondarribikoa. Horregatik, Eskifaia zoriondu zuen Silanesek, “1983tik urtero kalitate handiko ziklo hau antolatzeagatik. 35 urtez jarraian aritzea ez da txantxetako gauza bat”.
Aristizabalek ezagutarazi zuen aurtengo egitaraua. Lau kontzertu izango dira bi asteburuetan banatuta, denak ez galtzeko modukoak. Gaur Kanaria Handiko Ainurren saioa izango da, eta bihar Oreretako Landarbasorena: “Lehena Gran Canariako talde ospetsua dugu —azaldu zuen Eskifaiako presidenteak—, besteak beste 2012. urtean abesbatzen nazio mailako sari gorena jasotakoa. Landarbaso Abesbatza aldiz, Errenteriakoa, 1991. urtean sortua eta oso saritua izan dena; azkenengoz, 2014an Rigako (Letonia) Munduko Abesbatzen Olinpiadan urrezko bi domina jasotakoa”.
Eta hurrengo asteburuan, beste bi emanaldi. Larunbatean, Gentlemen Singers Vocal Ensemple zortzikote txekiarra, eta igandean, etxekoena, Xatz eta Eskifaia koruek eskainiko dutena. Aristizabalek azaldu zuenez, Gentlemen Singers da Hondarribiko 35. Eliz Musika Zikloko plater nagusia: “Txekiako Errepublikako gizonezkoen ahots-zortzikote profesional bakarra izango dugu. Orain arte, 23 herrialdetan 500 kontzertu baina gehiago eskaini ditu, eta 2003an sortu zenetik 7 CD argitaratu ditu”.
Eskifaiak itxiko du apirilaren 8an Euskal Herriko eliz musika ziklo nagusiaren 35. ekitaldia. Beste behin arrakastatsua izateko behar dituen osagarriak bildu ditu Eskifaia elkarteak. Bakarra falta da menua biribiltzeko, publikoa.
Gentlemen Singers zortzikote txekiarrak heldu den larunbatean abestuko du zikloan