Asteartean iritsiko da euskararen aldeko lasterketa Hondarribira, bazkalostean. Biharamunean hiru ikastetxeetako haurrek egingo dute Korrika Txikia.
Duela bi urte bezala (irudian), Arma Plazatik abiatuko da Korrika Txikia asteazkenean
Korrika Kulturalari lotutako ekitaldirik ez dute aurten antolatu Hondarribiko Korrika Batzordean. Hortaz, inguruko herrietan antolatzen dituztenetara mugitu beharko dira hondarribiarrak. Gehigarri honetan azaltzen direnez gain, apirilaren 7an Euskal Kantu Gaua egingo dute Pausuko Xaian, pintxo janarekin.
Hondarribian, bestela, apirilaren 4a eta 5a dira egutegian errotulagailu gorriz inguratu beharreko egunak. Asteartez, eta egunez iritsiko da Korrika Hondarribira. Duela bi urte bezala, Santiago zubitik hurbilduko da. Mendeluko lehen metroak 16:06an zapalduko dituela iragarri dute. Ibilbideari dagokionez, ez dago misterio handirik, duela bi urteko berbera izango da: aireportuko luzetik sartuko da Zumardiraino, Kale Nagusia igo, Alde Zaharra zeharkatu eta Portura jaitsiko da; Portuan betiko itzulia eman eta Sabin Arana kaletik aterako da, Amuteko semafororaino. Handik, Gaintxurizketara begira jarriko da lekuko eramailea.
Biharamunean herriko txikiek erakutsiko dute euskararekiko atxikimendua, Korrika Txikia lasterka eginez. Hondarribiko Udala eta Talaia, San Jose, eta Ama Guadalupekoa ikastetxeak mimoz prestatzen ari dira. Duela bi urtekoa oilo-ipurdia eragiteko modukoa izan bazen, 20. ekitaldiaren Korrika Txikia ez da gutxiagorako izango.