Oposizioko alderdiek idatzi bateratua sinatu dute. Bisita ofizialen berri komunikabideen bitartez jaso izana kritikatu diote Udal Gobernuari.
Hondarribiko udaleko oposizioko talde guztiek (Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP) idatzi bateratua kaleratu dute, atzo
Iñaki Arriolak Muliateko obrari eginiko bisitaren harira. Bisita horren informaziorik jaso ez izana gogor kritikatu, eta azken asteetan beste zenbait kasutan gauza bera errepikatu dutelako kexu azaldu dira.
Babes ofizialeko etxebizitzen obraren bisita egin zuen asteazkenean Iñaki Ariola sailburuak, Txomin Sagarzazu alkatea ondoan zuela, eta horren berri komunikabideen bitartez izan duela salatu du oposizioak: “Azken boladan zenbait autoritateren presentzia izan dugu herrian, besteak beste, Manuel Lezertua arartekoa, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako Sailburua, edota Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua etorri dira, eta gobernu taldekoak ez garen ordezkariek ez dugu bisita hauen inguruko inolako informaziorik jaso”.
Oposizioko alderdiek “harriduraz” hartu dute gertatutakoa, eta alkateari leporatu diote aginte makila jasotzerakoan hartutako konpromisoa bete ez izana: “Agintaldiaren aurkezpena egiterakoan, gardentasuna hartu zuen bere kudeaketaren oinarri. Aldiz, bere eguneroko jardunean ezaugarri horren gabezia da dakusagun ezaugarri nagusiena”.
Salaketa egiteaz gain, jarrera aldaketa eskatu dio oposizioak Hondarribiko Udal Gobernuari: “Etorkizunean Hondarribiko herritarren ordezkari lanetan gabiltzanoi parte hartu behar duen aktibitate instituzionalez informa gaitzala, ahal den guztietan gonbita luza gaitzala ekimen horietan parte hartzera eta, gutxienez, galde diezagula ekarpenik edo galderarik ote dugun”.
Oposizioko lau alderdietako bozeramaileek sinatu dute oharra, Igor Enparanek (Abotsanitz), Mikel Garmendiak (EH Bildu), Josu Alvarezek (PSE-EE) eta Joxemi Otxotekok (PP).
Arriola sailburua eta alkatea, Muliatera eginiko bisitan