Iñaki Arriola sailburuak Muliate II-ko obra bisitatu du. Europa hego-mendebaldean inoiz egin den bizitegi-eraikin handiena eta altuena dela nabarmendu du.
Egurrezko egituraz gain, beste osagarri batzuei esker kontsumo oso baxuko etxeak izango dira
Egurrezko egiturarekin Hondarribian eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzak bisitatu ditu gaur goizean Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak. Txomin Sagarzazu alkatea ondoan zuela, obrako bisita egin du, eta eraikuntza mota honen berezitasunak nabarmendu ditu: “Kalitatearekin eta berrikuntzarekin erabat bateragarriak da, bai eraikuntzako teknikei dagokionean, bai isolamenduarekin, energia-iraunkortasunarekin eta, oro har, bizigarritasunarekin zerikusia duen guztiari dagokionean”.
Halaber, Europa hego-mendebaldean inoiz egin den bizitegi-eraikin handiena eta altuena dela jakinarazi du sailburuak, eta teknika berarekin Vancouver hirian (Kanada) eraikitzen ari diren unibertsitate egoitza batekin batera aztertzen ari direla. Azaldu duenez, Europa iparraldean ohikoak dira eraikin hauek, baina azken hamarkadetan Euskal Herrian egurra baztertu egin da egitura-material gisa. Bere ustez, egoera hori irauliko da hemendik gutxira, “begi asko jarrita daudelako Muliate II-ko obran”. Onartu duenez, egur kontralaminatuzko egitura ohikoa baino garestiagoa da oraindik, baina, eraikuntza epea lau hilabete laburragoa izango dela gaineratu du. Muliate II-ko obra azaroan bukatzea espero du Visesa erakunde publikoak.
Jaurlaritzaren eta Hondarribiko Udalaren arteko elkarlanaren fruitu da Muliateko bigarren fasea. Udalak lurra jarri du, eta eraikuntza eta kudeaketa jaurlaritzak darama. Alkateak adierazi duenez, zalantzarik ez zuten eduki Visesak egurrezko egiturazko bizitegi-eraikina egiteko aukera helarazi zietenean: “segituan esan genien baietz”.
Dagoeneko hasi dira egurrezko egitura estaltzen eta aste gutxi barru ez da kaletik pinu kolorea ikusiko. Horren aurretik, bisita antolatu dute gaur goizerako eta, kanpotik material isolatzaileak eta barruan pladurra jarri aurretik egurrezko etxeak ikusteko aukera izan dugu kazetariok.