Lisboarrak Itsas Etxean abestuko du bihar, 'Aquí' diskoa aurkezteko egiten ari den mundu biraren barruan. Fado berriko ahots handienetakoa da Carla Pires.
‘Aquí’ disko berria aurkeztera etorriko da Carla Pires Hondarribira
Carla Pires Lisboako fado abeslariak kontzertua eskainiko du ostegun honetan Hondarribiko Itsas Etxean, 20:00etan. Aktore bezala hasi zen Pires, baina egun fado berriaren ahots gorenetakoa bilakatu da. Sarreren prezioa 6 eurokoa da (18 urtetik behera, 3 euro) eta Arma Plaza kultur gunean eta
Interneten eros daitezke.
2008 urtetik mundu osoko agertoki eta ekitaldietatik dabil hamaika kontzertu ematen. 400 bat kontzertu eman ditu lau kontinentetako 21 herrialdetan, izen handiko jaialdietan eta areto ospetsuetan abestuz. Hondarribian,
Aquí izenburuko diskoa aurkeztuko du Piresek, Bruno Mira (gitarra portugaldarra), Andre Santos (gitarra klasikoa) eta Andre Moreira (baxua) musikariekin egiten ari den mundu biraren barruan.
Fado tradizionaletik abiatuta, horren gainean kontzeptu ausart eta berriak eransten ditu, bere gaiei ukitu garaikidea emanez. Agertoki gainean hunkigarri azaltzen da Carla Pires, presentzia handia du zuzenekoetan eta entzuleengana erraz iristen da, bere sentimenduak besaulki-patioan esertzen direnekin partekatuz.