Bidasoko Ernaik Sorgin Gaua prestatu du biharko Muara tabernan. Photo-call, Gorpuzkingz trap taldea... egitarau erakargarria osatu dute gazteak sorgintzeko.
Aker, sorgin, belargin, azti, gaizkin, eta Gorpuzkingz… Gaztea eta ausarta ez bazara, ez zaitez bihar Hondarribiko Alde Zaharrera hurbildu. Baina gaztea bazara, parranda gustoko baduzu eta, batez ere, Ernai antolakundeak Bidasoan egiten duen lana jakin nahi baduzu, orduan bai, zoaz 20:00etatik aurrera Muara tabernan egingo duten Sorgin Gauera. Gazteak erakarri nahi dituzte, sorginkeriaz liluratu.
Uxue Criado eta Amets Mariskal hondarribiar gazteek jakinarazi dutenez, gazteak Ernaira erakartzeko da biharko festa, gazte erakundean sartzeko, “nahi duena”, edo gutxienez hurbiltzeko. “Gazteak erakartzeko zerbait egiteko beharra ikusten genuen —azaldu du Criadok—, eta Aste Santurako
Ernaik Gazte Akelarrea antolatu duenez, pentsatu genuen horri lotutako zerbait egitea. Eta Sorgin Gaua egitea erabaki genuen”.
Mariskal bat dator Criadorekin taldean gutxi direla onartzerakoan: “Bidasoan jende gutxi gaude Ernai antolakundean. Irundarrak eta hondarribiarrak elkarrekin gaude, eta hala jarraitzea da asmoa. Ea parranda hau eta gero gehiago garen, ea gazteak hurbiltzea lortzen dugun”. Beste eskualde batzuetan, herri bakoitzak bere talde propioa du, baina Bidasoan elkarrekin aritzea ona dela uste du Criadok: “Bi hirietako errealitateak desberdinak dira, baina gauza asko komunean ditugu, eta lanketa horiek elkarrekin egin ditzakegu. Une honetan jendeak hemen gaudela ikustaraztea da eskualdean dugun erronka nagusia, gazteon interesekoak diren gaien lanketa, guztion artean egin behar dugula helaraztea”.
Eskualdeko gazte gehiagorengana iristea izango da biharko parrandaren helburu nagusia. Izan ere, biharko Sorgin Gaua Muaran antolatu duten arren, horrek ez du esan nahi hondarribiarrentzat bakarrik izango denik, are gehiago, antolakuntzan irundarrek laguntza handia eskainiko dutela kontatu du Criadok: “Barrarako turnoak egitea proposatu genuen, baina irundarrek esan ziguten beraiek sartuko zirela barran, guk disfrutatzeko. Ikusiko dugu”.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Gau beltzean ez da akerren adarrik ezta sorginen txanorik ere faltako, eta hain modan dagoen photo-call bat jarriko dute, biharko festaren oroitzapen bat etxera eramateko; oroitzapen bat, edo bi, hasieran eta bukaeran bana, biharamunean zortzi desberdintasunen jokoan aritu nahi dutenentzat. Photo-callaz gain, Gazte Akelarrearen kartelaren koloreekin dekoratuko dute Muara, beldurgarri jartzeko.
Bada hilabete batzuk Muara elkartearen taberna itxita dagoela, eta Sorgin Gauerako propio irekiko dute: “Biharkoa ondo ateratzen bada —kontatu du Mariskalek—, baliteke afariren bat edo beste zerbait antolatzea. Elkartetik esan digute nahi dugunean eskatzeko”.
Arratseko zortzietan hasiko da Sorgin Gaua, baina Ernaiko kideak bazkalostetik elkartuko dira Muaran. Ez festa antolatzeko, hori bezperatik utziko dute egina, eztabaidatzeko baizik. Izan ere, barne antolamendurako ponentziak lantzen ari dira erakundean eta bihar emendakinak bozkatuko dituzte: “Egun hori proposatu genuen emendakinak bozkatzeko, eta prozesu horri itxiera emateko, Muaran elkartuko gara. Bostak eta erdietan geratuko gara emendakinen bozketarako, eta zortzietan hasiko da festa”, gaineratu du Criadok.
GPK, euskal trap
Zortzietan festa, eta 22:00etan kontzertua, Gorpuzkingz (GPK) trap taldearena. Ezagutzen ez dutenek,
sar dezatela taldearen izena Youtuben eta sorginduta geratuko dira. Muarara dantzacrew gabe azalduko dira, hirukote formatuan, Zakil Onil, Big Txiki eta Donald Trap kideak soilik. Taldekideen identitatea isilekoa da, baina kideetako baten bat deabruarekin hitzarmena idatzita omen duen metal talde bateko kide ere badela diote, eta hori horrela, biharko akelarrerako talde egokia dela dirudi.
Gorpuzkingz taldea, dantzacrew eta guzti, Judas Arrietaren komiki tiran
Gorpuzkingz taldeko abeslari nagusia Zakil Onil da, eta Muarara dena ematera joango direla esan du: “Kaleko bizipen gogorrak plazaratuko ditugu Muaran eta gainera, gazte dezente joango direnez, Sorgin Gaua jai bat bihurtzeko intentzioa dugu”. GPKeko liderrak onartu duenez, talde serioa baina festa zalea da eurena, eta gazteekin parrandan murgiltzeko asmoarekin joango direla abisatu du: “Espero dugu patxaran botil ugari egotea”.
Gorpuzkingzen saioaren aurretik eta ondoren ere, musika pintxatuko dute Ernaiko gazteek Muaran, “denetarik, baina reggaeton doinurik ez, hori ez”, argitu du Mariskalek. Bestela, denetarik, estilo askotariko musika, baina batez ere, Euskal Herrikoa: “Hondarribian anbiente gazte euskaldunagoa behar delako”.
Euskal Herriko askotariko musika, eta euskaraz abesten duen munduko lehen trap taldea, horiek bihar Muara tabernan egingo dute Sorgin Gauaren osagarrietako bi. Ernaik bidasoarrak sorgindu nahi ditu, eta parranda antolatu du horretarako, eskualdeko gazteei antolakundean ekarpena egin dezaketela ikustarazteko.