Aranzadik deituta, auzolana egin zuten igandean Txurtxipi errekan. Garbitzeaz gain, Jaizkibeleko fauna eta flora ezagutzeko aukera izan zuten.
Anais Mitxelena, Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoa
Aranzadi Zientzia Elkarteak deituta, 50 pertsona aritu ziren joan den igandean
Jaizkibelgo Txurtxipi erreka garbitzen. Lan egiteko eta ikasteko jardunaldia izan zen, denboraleen eraginez errekaren arroan pilatutako hondakinak garbitzeko, eta Jaizkibel mendiko flora eta faunaren garrantziaz kontzientzia hartzeko.
Anais Mitxelena Aranzadiko biologo hondarribiarraren hitzetan, ekologiaren aldetik onura handia ekarri du igandeko auzolanak. Gehiago egingo dituztela aurreratu du.
Zein balorazio egiten du Aranzadik igandeko ekintzaz?
Oso-oso positiboa. Azken urteetan, eta Jaizkibelen egiten dugunean, jendea animatzen ari da. Oso ondo joan zen, eguraldiak lagundu zigun, ume dezente etorri zen, halaxe eskatua zegoen. Eta denboraren barruan ibili ginen, ez zen gehiegi luzatu.
Helburuetako bat garbiketa egitea zen, Txurtxipi ibaiaren itsasoratze eremua garbitzea. Nolako lana egin zenuten?
Txurtxipi errekaren itsasoratzea oso itxia da, enbutu bat ematen du, eta itsas denboraleetan itsasoa nahiko barrura sartzen da. Eta itsasoak ekarritako zaborra biltzea zen helburua. Asko ginenez dezente aurreratu zen, gauzatxo batzuk geratu ziren, baina lan handia egin genuen.
Zeintzuk dira eremu horretan bizi diren animaliak?
Asko dira onura aterako dutenak, igelak, igelen zapaburuak, aingirak ere sartzen dira, ornogabe txikiak, burruntziak, haien larbak bertan jartzen baitituzte…
Ibilbidean Armeria euscadiensis landarea ere ikusi zenuten.
Bai, ez da justu erreketako landarea, itsas labarretan, harkaizti eta itsasaldeko txillardi bandan ateratzen den landarea da. Bi loraketa ditu, maiatzean bata eta uztailean bestea, baina bai, ikusi genuen, nahiz eta oraindik ez dagoen loratze bete-betean.
Armeria euscadiensis (argazkia: Jesus Azkue)
Bakarrik izena entzunda, argi dago landare berezia dela.
Bai, Euskal Herriko endemismoa da, munduan duen distribuzioa bakarrik Bizkai eta Gipuzkoako kostaldean du, bakarrik hemen ateratzen da.
Eta, zein egoeratan dago?
Hasieran behintzat ez dago arriskuan, baina bere distribuzioa hain mugatua izanda, edozein perturbazioren aurrean oso zaurgarri geratzen da. Adibidez, ikusi dugu itsaslabarra eta kostaldeko txillardiaren arteko banda horretatik pasatzen dela Talaia bidea, eta asko erosionatzen ari dela. Ibiltariek zapatiletan beste landare batzuen haziak erakartzen dituzte, eta landare inbaditzaileak geroz eta gehiago izatea ekartzen du. Hori zaindu behar da. Gainera, landarea bera nahiko erakargarria da, eta ikusi izan dugu baten bat hartu eta lore sorta etxera eramaten.
Horretarako, Jaizkibelen zer dagoen eta zaindu behar dela erakutsi zenuten igandean.
Ekintza dinamikoa izan zen, garbiketa egin behar zen, baina helburua ez da hori, finean, hurrengo denboraleak berriro ekarriko dituelako hondakin horiek. Helburua, horretaz konturatzea da, ‘itsasoak zikinak ekartzen baditu, nola dugu itsasoa, zergatik dago zabor hori itsasoan?’. Pedagogia hori erakutsi nahi dugu.
Garbiketa egin zen, jendetsua izan zen, giro polita sortu zen… Non izango da hurrengoa?
Urtero, Hondarribiko Udalarekin, biurteko ekintzak abiatzen ari gara. Jaizkibel edo Jaitzubiko gunetxo bat hartzen dugu, eta hori berreskuratzen hasten gara. Proiektua diseinatzen dugu, eta proiektu horietan egoten dira ekintzak, jarraipenak, ikerketak eta dibulgazio atal bat bukaeran. Hurrengo urterako Iturrain errekaren ingurua bisitatzea pentsatua dugu, baina oraindik ez dugu diseinatu zer egingo dugun.
Denboraleekin itsasoa oso barrura sartzen da Txurtxipi errekaren arrotik