Aranzadi Zientzia Elkarteak deituta, 50 pertsona aritu ziren Jaizkibelgo Txurtxipi erreka garbitzen. Lan egiteko eta ikasteko jardunaldia izan zen.
Berrogeita hamar lagun elkartu ziren Txurtxipi erreka garbitzeko
Gehiegi ez badira ere, tarteka izaten da Jaizkibelen ekologiarekin zerikusia duen albiste positiboren bat. Horietako bat asteburuan gertatu zen, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolaturiko ekitaldian. Berrogeita hamar lagun hurbildu ziren igande goizean Justiz aldera, Txurtxipi erreka lehengoratzeko auzolanean parte hartzeko. Antolatzaileek onartu zutenez, ez zuten hainbeste jende espero.
Deialdiak helburu nagusi bat zuen, neguko denboraleen eraginez Txurtxipi errekaren itsasoratze eremuan pilatutako hondakinak garbitzea. Mareek bultzaturiko hondakin asko pilatzen dira eremu horretan anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin orratzen habitatak kaltetzen ditu horrek. Auzolanean bildutako jendetzari esker, garbiketa handia egin ahal izan zuten igandean.
Baina, era berean, Jaizkibelgo flora eta fauna ezagutzeko baliatu zuten jardunaldia, azalpenez eta tailerrez. Besteak beste, Euskal Herriko armeria (
armeria euskadiensis) ezagutu zuten bertaratutakoek, eta, haurrek, gainera, paperez, kartoiz eta makiltxoez sorturiko lore eta burruntzi bana etxera eramateko aukera izan zuten.