Hondarribiarrek garaipen itzela lortu dute Oñatin. Liga gora begira bukatu nahi duela erakutsi dute Javi de la Hazaren mutilek.
Bigarrenaren etxean, Aloña Mendiren kantxan 29-30 irabazi zuen larunbat arratsaldean Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak. Azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte eta ja atzean geratu da otsaila erdialdeko bolada txar eta espero gabeko hori.
Hurrengo asteburuan Donibaneri irabaziko baliote, bi edo hiru postu igotzeko aukera izango lukete Javi de la Hazaren mutilek, eta liga amaieran bosgarren geratzeko aukerak izango lituzkete. Denboraldi gorabeheratsuaren ondoren, gora begira bukatu nahi dute hondarribiarrek, eta 5. postua sari polita litzateke (
sailkapena).
Larunbatekoak meritu handia du. Ez bakarrik bigarrenaren etxean irabazteagatik, baizik eta, horrez gain, Hondarribia Eskubaloiaren taldea aurkariarena baino dezente motzagoa zelako. Beste behin, hutsuneak izan ditu De la Hazak eta bigarren taldeko jokalariak behar izan ditu taldea osatzeko.
Panorama horrekin, eta lehia oso borrokatua izan zela kontuan izanik —atsedenaldian 12na berdinketa—, partida luzeegia egingo zitzaiola zirudien. Hamar minuturen faltan 20-25 aurretik zen Il Capo Hondarribia, baina bost minututan etxekoek berdindu zuten (27-27), eta markagailua irauliko zutela zirudien. Baina hutsartea eskatu zuen De la Hazak, eta azken minutuetako desoreka zuzendu zuten jokalariek.
Oñatikoa garaipen korala izan zen, talde osoarena. Hamar jokalarik sartu zituzten golak, eta zortzik bi gol edo gehiago; Mikel Bazkez izan zen golegile onena, 8reki; Eloy Etxaburuk eta Borja de la Lindek 5na egin zituzten.
Hondarribiarrek erakutsi zuten orain sailkapenaren tokia baino gorago beharko lukeela egon. Eta datu bat, zerbaiterako balio badu, taldearen kontzentrazio maila adierazten duena: Hondarribiak bi esklusio baino ez zituen jaso. Oso zaila da hori lortzen duen talde bati irabaztea.
Mikel Bazkezek 8 gol sartu zituen, eta esklusiorik gabe bukatu zuen partida