Endarako urtegia eta Elordiko planta ezagutzeko aukera izango da igandean. Autobusa jarriko du Txinzerrek, plazak bete arte.
Irundarrek eta hondarribiarrek kontsumitzen duten ur gehiena Endarako urtegitik jasotzen dute
Asteazkenean ospatzen den Uraren Mundu Eguna dela-eta, Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer) San Anton urtegira bisita gidatua antolatu du iganderako, hilaren 26rako. Endarako (San Anton) urtegia eta Elordiko ura tratatzeko planta bisitatzeko aukera izango da. “Instalazio horiek beren ateak zabalduko dituzte eskualdeko hornidura sistema eta, oro har, uraren ziklo integrala hobeto ezagutu nahi dutenentzat”, azaldu du Txinzerrek.
Denera, bost orduko jardunaldia izango da eta autobusa jarriko dute propio, joan nahi dutenentzat (plazak bete arte;
izena eman). Honako lekuetan hartuko ditu bidaiariak: 08:40an, Fermin Calbetoneko bus geltokian, Hondarribirako norabidean; 08:50an, Hondarribia kalea (Pinudiko geltokia); eta 09:00etan, Miramarreko bus geltokian.
Urtegiko bisita 09:50ean hasiko da eta ordubete luzatuko. Elordikoa, zertxobait luzeagoa izango da, baina ordu bata eta laurdenetarako bukatuko da dena. Hortik, etxera itzuliko dira; itzulerako bidaian, joaneko geltoki berberetan geratuko da autobusa.
Kotxez ere joan daiteke, baina berdin-berdin eman behar da izena.