Atzetik laugarrena dago Hondarribia FE. Datorren larunbatean Anaitasuna liderrak bisitatuko du Hondartza futbol zelaia.
Gehiago ezin zaio eskatu taldeari. Jaitsiera postuetatik urruntzeko borrokan murgilduta, sailkapeneko zazpigarrenaren etxera bidaiatu zuen Hondarribia FE-k, eta garaipena lortu zuen (1-2), Ordiziaren kontra.
Hiru golak lehen zatian sartu zituzten. 0-2 aurreratu ziren hondarribiarrak baina, lehen zatiko luzapenean eta zalantzazko penalti bati esker, goierritarrek aldea murriztu zuten. Nolanahi ere, bigarren zatian ez zen markagailua mugitu eta garaipena berdeentzat izan zen.
Hiru puntuei esker —Ostadarrek ere irabazi zuen—, atzetik laugarrena izaten jarraitzen du Hondarribiak, eta jaisteko hautagaien zerrenda estutu da, bost puntuko tartean bost talde baitaude: Ostadar (25), Hondarribia (26), Vasconia (28), Elgoibar (29) eta Beti Gazte (30). Haien atzetik, Aloña Mendi (22) eta dagoeneko ia aukerarik ez duen Martutene (13).
Ikusi sailkapena
Oraindik zortzi jardunaldi geratzen dira Ohorezko Mailako denboraldia bukatzeko, 24 puntu jokoan, eta gauza asko gertatu daitezke. Momentuz hori da panorama, horiek dira Hondarribia FE-ren aurkariak jaitsierari izkin egiteko. Datorren asteburuan beste borroka bat iritsiko da. Hondarribiarrek etxean jokatuko dute, baina lider Anaitasunaren kontra.
Azken zortzi partidetan hamahiru puntu lortu ditu Hondarribia FE-k