Ana Mari Elizazu: "Gurasoak izugarri inplikatu ziren"
Behar zutenei laguntzea izan da Ana Mari Elizazuren bokazioa. Ikastolaren hastapenetan, eskola orduetan, eta kanpoan, jubilatu aurretik, eta ondoren.
Ikastolan andereño izateko eskatu zizuten. Eta baietz esan zenien. [Burua altxatuz] Berehala. Berehala esan nien baietz. Batzuek esaten dute ‘zer meritua!’, eta nik esaten dut ‘zer beharra!’. Bost seme-alaba atera behar dira, senarra lanean zen, baina ‘ama, abrigoa behar dut’, ‘ba aurten ez, hurrengo urtean’. Horrela zen. Diru beharra izango zenuen, baita haurrak zaintzekoa ere. Bai, baina irakaskuntzak gauza bat du, zu eskolan zaudenean haurrak ere, eta haurrak etxean direnean zu ere etxean egon zaitezke. Hasi nintzenean gazteena haurtzaindegian nuen, eraman egiten zidaten gainera. Irundik ama bat etortzen zen Hondarribira bere bi alabekin, eta haurra hartu eta haurtzaindegira eramaten zidan. Laguntza ikaragarria izan nuen. Hurrengo kurtsoan bestea jaio zen [seigarrena]. Lehen urtean neska bat izan nuen etxean, baina bigarrenean haurtzaindegira eramaten hasi nintzen. Nire kaleko ama batek bi alabak Pilarrera [Irungo eskola] eramaten zituen, eta haurtzaindegia han zegoen. Hark esan zidan, ‘ez zaitez zu etorri, nik eramango dut zure haurra’. Inoiz ezingo diet bi ama horiei nahikoa esker emango. Ikastola hasi berritan, eraikinik gabe hasi zineten. Bai, Gurutzeko Alaben eskolan, utzitako geletan. Gero Biteri Zaharrera joan ginen. Gero bota zuten berria egiteko. Han Ana Lasak Lehen Maila hartu zuen eta nik bost urtekoak. Biak bakarrik egon ginen Biteri zaharrean. Zailtasunak izango ziren hasiera urte haietan? Solasaldian beste andereño batek esan zuen ia ostiralero joaten zirela guardia zibilak, paperak eskatu, eta esaten ziotela ‘egunen batean harrapatuko zaitugu zerbaitetan’. Ni oroitzen naizela, Gurutzeko Alaben kolegiora uste dut behin etorri zirela, baina aurretik gehiagotan [1965-66 urtean sortu zuten Hondarribiko Ikastola]. Eta gurasoekin, nolako harremana zenuten beraiekin? [Irribarrea handitu zaio] Oso ona! Gurasoek txandak egiten zituzten gurekin batera gelak garbitzeko, paretak margotu behar zirenean etortzen ziren gurasoak eta andereñoak. Oso giro ona zen. Noski, haur guztiak ez ziren berdinak, eta gurasoak ere ez, baina inplikazioa ikaragarria zen.Ikastolan hasi nintzenean Lehen eta Bigarren Mailako haurrak nituen, elkarrekin, eta zenbat izango ziren, hogei haur? Ez zen iritsiko seguru aski
Atzera begiratzen duzunean, zer datorkizu burura? Handia da egin zenutena, ez? Noski. Eskola publikoa zen bezalakoa… Begira, ama batek kontatu zuen larunbatean nola eskolan esan zioten ‘pinta el tejado’, eta ‘tejado’ zer zen ez zekielako zaplaztekoa eman ziotela, eta maistra euskalduna zen, Hondarribikoa. Nire alabak gogoan du De Isabel y Fernando kantatzen zutela… Horrelakoa zen garai hartako eskola publikoa. Ni Portuko eskolara joan nintzen, euskara hutsarekin, eta inoiz ez nuen arazorik eduki, inoiz ez dut zaplaztekorik jaso euskaraz egiteagatik. Señorita Julia zen gure maistra eta gaztelaniaz erakutsi behar zigun, baina gogorkeriarik gabe, oso oroitzapen ona dut. Goiko gelara igo nintzenean, hamar urterekin, Valladolidekoa zen andereñoa, oraindik oroitzen naiz bere urteak noiz ziren, apirilaren 21ean, handik etorria zen, Valladolidetik, eta ez dut oroitzapen txarrik. Ikastolan hasi zinenean bost seme-alabaren ama zinen. Ikastolara eraman zenituen? Lau seme-alaba zaharrenak eskola publikora joan ziren. Ikastola sortu zenean gurasoak joan ziren galdezka eta niri Elosegik galdetu zidan, orduan lau seme-alaba nituen, baina nik ezin nituen bidali, publikora joan ziren. Baina denek dute EGA eta denek egiten dute euskaraz. Bi gazteak bai, haiek ikastolara joan ziren. Noiz jubilatu zinen? 2005ean jubilatu nintzen. Baina ez guztiz… [Barre egin du] Ni eskolatik jubilatu nintzen 2005ean. Mintzalaguna zara. Udaleko Euskara Zerbitzuaren programan zabiltza, baina programa sortu aurretik ere ibilia zinen. Nola hasi zinen mintzapraktikan laguntzen? Alabari entzun nion esaten ‘nire ama izan da lehenengo mintzapraktika laguna’. Eta izan daiteke. 64 urte nituela material arduraduna nintzen eskolan. Sorbaldako zuntza hautsi nuen eta ezin pisua hartu, bajan egon nintzen. Bajan nengoela, emakume batek Euskadi Irratira deitu zuen, Donostiatik, euskaraz hitz egiteko beharra zuela eta ez zuela zeinekin. Eta ni eskaini nintzaion, eta egunero etortzen zen Intxaurrondotik Hondarribira. Goizetan bere seme-alabak uzten zituen eskolan eta etortzen zen. Batzuetan paseatzen genuen, arrandegira joan, beste batean etxeko lanak egiten… Astelehenetik ostiralera etortzen zen, goizetan. Maiatzean hasi zen eta uztaila arte, seme-alabak oporretan hasi arte. Urte batzuetara, Mintzalaguna programa sortu zutenean, hor ere animatu zinen? Bai, ja bidea jorratua nuen [irribarrez]. Goxokia ere bagenuen, txangoak, bisita gidatuak, tailerrak… Ez nuen bitan pentsatu. Kanpotarrekin, atzerritarrekin esan nahi dut, horiekin ere aritu izan zara. Kanpotarrekin gehiago eskolako lanekin ibili naiz, errefortzu bezala, astean behin ordubetez. Eskola garaian ere egiten nuen, eskola ordutik kanpora, bi egunetan ordu erdi bat gehiago. Kuriosoa zen, zein presa zuten gurasoek seme-alabek errefortzu hori uzteko. Ez zuen kosturik haientzat, baina larritzen ziren jarraitu behar zutelako, ‘noiz arte egon behar du?’, kezkatzen ziren. Baina, noski, abantaila handia zen haur horientzat, 20rekin eskola orduan ezin dena hirurekin egitea errazagoa delako, ulermena askoz handiagoa da.Ni oroitzen naizela, Gurutzeko Alaben kolegiora uste dut behin etorri zirela Guardia Zibilik, baina aurretik gehiagotan
Zure etxean ere aritu zara laguntza ematen? Bai, laguntza handia behar zuen neskatila batekin aritu izan naiz. Klasea bukatu eta gero gelditzen nintzen berarekin. Gurasoei esan nien on egingo ziola udalekuetara bidaltzea, eta izena eman zuten, baina ez zuten hartu. Eta uda hartan, nik ez nuenez haurrik etxean, etxera eraman nuen haurra, laguntzeko. Eta arratsaldean nire alabetako batekin igeriketa ikastera joaten zen. Goizean beste alabak joaten ziren, eta arratsaldean alaba hau, neska horrekin. Noiz arte ibili zara errefortzu lan horiek egiten? Joan den kurtsoan, ekaina bitartean eduki dut mutiko bat. Abuztuaren 28an bi urte egin ditu Moldaviatik etorri zela, eta segituan D eredura eraman zuten. Gaztelaniaz moldatzen zen, baina euskararekin ez [burua mugituz]. Ama hemen bizi zen, frantseseko klasean elkartzen ginen, eta semea ekarri zuenean, esan nion, ‘nik lagunduko diot nahi baduzu’. Ikas Jolas programan eta denean ibili da, eta orain ja DBHn dago. Irailean kurtsoa hasi zuenean, irakasleak galdetu omen zion ea zenbat denbora daraman Euskal Herrian, eta berak bi urte zeramatzala esan zuen. Eta irakasleak, ‘nola bi urte?’, ez zion sinisten. Ondo moldatzen ari da, matematikan ere ondo, baditu gaiak kostatzen zaizkionak, baina ondo ari da. Eskolako irakasleen aretoan zure telefonoa izango dute jarrita, ez? Behar denerako… [Barre egiten du] Beste egunean nire alaba pakistandarren dendan hango mutikoarekin topatu zen, eta ikusita euskaraz kostatzen zitzaiola, alabak esan zion, ‘nahi duzu nire amari esatea, laguntzeko?’. Eta galdezka hasi zitzaion, ea zein eskoletan zegoen, zein mailan…Bajan nengoela, emakume batek Euskadi Irratira deitu zuen, Donostiatik, euskaraz hitz egiteko beharra zuela. Eta ni eskaini nintzaion
Eskolan duela 11 urte jubilatu zinen. Beste lanez ez zara jubilatuko. Ez dakit. Egia da oraingo mintza praktikako talde hau pixka bat kostatzen ari zaidala, maila nahiko baxua dutelako, baina saioa bukatu eta beste lagun batzuekin musean aritzen naiz [ondoko mahaian ditu zain]. Emeki elkartean puntua egiten ibiltzen naiz, memoriako tailerrera ere joaten naiz, ariketak eta egiten ditugu… Martxan mantentzea da kontua. Egia da jubilatu eta alargun gelditu urte berean izan zela. Abuztuan jubilatu eta azaroan alargun. Eskola, haurrak, senarra izatetik, bakarrik egotera pasatu nintzen. Eta esan nuen ‘Ana Mari, atera zaitez kalera’. Oso ondo egongo nintzateke etxean, baina beharra sumatzen nuen. Jende artean egotea ona da, denoi komeni zaigu, baina batez ere bakarrik geratu garenoi. Etxean bakarrik, baina etxekoak ondoan. Atzoko omenaldian ez zinen bada bakarrik sentituko, seme-alabez eta biloba guztiez inguratuta. Sei seme-alaba ditut. Zaharrena irakaslea, bigarrena medikua, hirugarrena kazetaria, laugarrena ingeniari teknikoa, bosgarrena fisikoa eta irakaskuntzan ari da, eta gazteena ere ingeniari teknikoa. Oso kontent nago beraiekin. Eta argazkian, seiek amaren irribarrea aurpegian zutela. Bueno, hori ez da egunero jasotzen. Baina atzo bai, omenaldi hori eta familiarekin ospatu ahal izatea, pozik egoteko modukoa da, ez naiz kexatuko.Ekaina bitartean eduki dut mutiko bat. Abuztuaren 28an bi urte egin du Moldaviatik etorri zela, eta segituan D eredura eraman zuten.