Aldundiak azaldu duenez, jaberik gabeko abelburuak dira hil dituztenak, segurtasuna bermatzeko kanpainaren barruan egin dute.
Basozainek hildako abelburuetako bat (arg: Migel Zeberio, HITZAri bidalitakoa)
Ez da ezer arrarorik gertatu Jaizkibelen, ez da erorik, mendeku zalerik, edota ganberrorik ibili animaliak hiltzen. Sareetan zabaldu diren mezuek bestelakorik ulertarazi dezaketen arren, basozainek sakrifikatu dituzte Jaizkibelen agertu diren abelburuak, azaroan abiatutako kanpainaren barruan. Aldundiaren aginduz hil zituzten atzo, legea betearazteko.
Goizean mezu bat iritsi da HITZAra, Jaizkibelen, Guadalupe eta Artzu artean,
sei betizu tiroz hil dituztela adieraziz. Antzerako mezuak zabaldu dira sare sozialetan. Nonbait, zehaztu gabeko arrazako abereak dira, ez nahitaez betizuak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza departamentuak HITZAri azaldu dionez, “jaberik gabe eta modu basatian bizi diren abelburuak sakrifikatu dituzte basozainek”.
Iazko azaroan abiatu zuen kanpaina aldundiak Jaizkibel mendian, animalia horiek menditik kentzeko. Kezka handia zegoen, behiak libre ibiltzen zirelako eta mendizaleen artean beldurra eragiten zutelako. Legearen arabera, “jaberik ez duten abelburuak menditik atera behar dira”, argitu du aldundiak. Hala, abeltzainekin harremanetan jarri ziren basozainak, haienak zirenak identifikatzeko, eta jaberik ez zutenak sakrifikatzen hasi ziren. “Gaur hil dituztenak, azaroko kanpaina horretan azaldu ez direnetako batzuk dira”.
Aldundiak gaineratu duenez, hildako abelburuak ez dituzte jasoko, ezta inora eramango ere. “Biodibertsitate irizpideak jarraituz”, bertan utzi dituzte. Alegia, putreen bazka bilakatuko direla gaur Jaizkibelen hil dituzten sei abelburuak. On egin deizaiela.